'Birziklatzearen erronka' egitasmoa abiatu dute udalak eta Artelatz enpresak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 3a, 11:01

Ezker-eskuin: Nagore Duran, Agustin Valdivia eta Maitane Zaldibar.

Birziklatzearen erronka lelotzat hartuta, Lasarte-Oriako Udalak eta Artelatz enpresak kanpaina bat abiatu dute, hiri hondakinak birziklatzearen garrantzia nabarmentzeko eta herritarren artean kontzientzia sortzeko. Zortzi tailer prestatu dituzte: erdiak itxiak izango dira, adin-tarte jakin batzuetako pertsonekin egitekoak, eta irekiak beste lauak, lasarteoriatar guztientzat. Azken horiek hilaren 15etik 24ra egingo dituzte, herriko zenbait gunetan, euskaraz zein gaztelaniaz. Izena emateko azken eguna 12a izango da, ostiralarekin, udaleko Partehartze zinegotzi Nagore Duranek aditzera eman duenez.

Interesa dutenek 943-67 06 37 telefono zenbakira hots egin beharko dute. Bestela, herrian barrena antolatzaileek jarri dituzten kartelak aurkitu, eta bertako QR kodeak eskanea ditzakete sakelako telefonoekin.

Tailer irekiak

Eguna Ordua Lekua Hizkuntza
Azaroak 15, astelehena 18:30 Antonio Mercero gunea Euskara
Azaroak 22, astelehena 18:30 Manuel Lekuona Kultur Etxea Gaztelania
Azaroak 23, asteartea 18:00 Mirentxu Euskara
Azaroak 24, asteazkena 18:30 Manuel Lekuona Kultur Etxea Gaztelania

Ohitura aldaketa 

Agustin Valdivia alkateak adierazi du herritarren ohiturak aldatzea  dela egitasmoaren helburuetako bat, "Lasarte-Oriako birziklatze tasa altuagoa izan dadin [San Marko mankomunitatearen datuen arabera, 2020an hondakinen erdiak baino gutxiago jaso ziren gaika: %46,5]". Horrez gain, hondakinak birziklatzerakoan lasarteoriatarrek dituzten zailtasunen berri ere izan nahi dute antolatzaileek.

Artelatzeko kide Maitane Zaldibar-ek nabarmendu du "herritar guztien ardura" dela zaborra ongi biltzea gaika: "Saioen bidez, norberak egin dezakeena azpimarratuko dugu, indibidualki zein kolektiboki, eta gaiari buruzko mito batzuk apurtzen saiatuko gara". Tailerrak ez ezik, Urnietan dagoen birziklatze plantara pare bat bisita antolatu nahi dituzte, baina zain daude, gaur-gaurkoz jendaurreari itxita dagoelako. Bestela, bideo batzuk prestatuko dituzte eta Manuel Lekuona Kultur Etxean proiektatu. "Beharrezkoa bada, zenbait astez itxarongo dugu, uste dugulako askoz aberasgarriagoa dela plantara bertara joatea, kontzientzia sortzeko ekimen oso interesgarria iruditzen zaigu", gehitu du Valdiviak.