Itxura ederrekoak jarri dituzte autobusak, hibridoak, bing eta boing, pantailak, ahots batek parada iragartzen, kolore berde-urdin polita naturarekin sinbiosi ederrean (inspirational!). Aurreko larunbatean konpromiso bat nuen Donostian, garraio publikoa erabili nuen. Erosotasunean pentsatu nuen orduan, aparkalekuan pentsatu beharrik ere ez, merke... Ederki. Goizaren erdian, Lasartera atzera busa hartzera Askatasun etorbidera; ohi bezala ordu laurdeneroko maiztasuna zuelakoan. Bada, ez. Zer aurkitu eta autobusak ordu erdiro: ordu laurdeneroko autobusarenak egin zuen, autobus hori DESMATERIALIZATU egin zen. Pentsatzen zenuen Londresko metroaren moduko garraiabideen maiztasunera hurbiltzen ari ginela? (Koitadua...)
Pertsona ilara luzea osatzen joan zen, jasangarria, baina gero eta gutxiago, ordu erdiroko Lurraldebus autobusa ere ez baitzen heltzen. Hasi ziren hasperenak. Autobus materialaren energia transferitzen hasi zen, orduan, jendearen arimetara, haserre bihurturik. Oraindik hor dabil energia hori, desmaterializatuta (eta sakabanatua, beharbada), irakin den ura bezala, erraustegiko kea bezala. Hala ere, errezeloa dut autobus hori ez dela guztiz desmaterializatu, sakela batzuetan ere ari dela materializatzen, Donostiako Metroan zementua botatzen duten konpainia zulogileetan, satorren uxagarri eta alkateen xarmagarri.
Bitartean, jasangarritasunaren diskurtsoaren erdian harrapaturik, Lasarten berdin jarraitzen dugu haur ordutegia duen Amarako azken 10:13ko Euskotrenarekin, eta desmaterializatzen ari den autobus zerbitzuarekin (itxura ederra, hori bai). Oinez gehiago ibiltzeko amarru subliminala, beharbada (Lasartera Oinez)? Ala lau gurpilen aldekoa?