Ez daudenak hilerrira joanda gogoratu dituzte herritar askok

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 1a, 12:58

Azaroaren lehena iristearekin batera, lorez bete ohi dira hilerriak, eta Illarraltzuetakoa ez da salbuespena. Asteburuan joan direnei beste asko batu zaizkie gaur, hilarriak kolorez betez.

Urteko gainerako egunetan baino bisita gehiago jasotzen dituzte hilerriek Domu Santu Egunaren bueltan. Hildako ahaideak zein lagunak omendu eta gogoratzeko data seinalatua da gaurkoa. Hala ere,  asteburua tarteko, atzo edo herenegun bertaratzea nahiago izan zuen askok. Hori horrela,  Illarraltzuetako hilarri gehienak askotariko koloretako larrosez, klabelinez, koroz... beteta zeuden eguerdia baino lehen. 

Bideetan eta harri artean zebiltza hainbat herritar. Hilarriak garbitu, txukundu eta lore sorta feskoekin apaintzen zebiltzan gehienak. Piztutako kandelek, berriz, beste batzuk ere bertan izanak zirela erakusten zuten. Guztiek gogoan dituztela adierazi nahi izan diete jada ez daudenei.