Urriko Azken Ostirala egin du Lasarte-Oriako Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 29a, 20:52

Hilabeteko azken ostiralero bezala, elkartasun ekintza  egin dute. Hogeita hamar bat lagunek osatu dute ohiko ibilbidea,  Elizatze eta Okendo plazen artean. Euria dela eta, udaletxeko arkupean hartu dute aterpe. Bertan, Lasarte-Oriako presoen batzordeko kide batek adierazpena laburra egin du halako mobilizazioen garrantzia nabarmentzeko, eta jarraian, Sarek eta Etxeratek adostutako idatzi komunaren edukia partekatu dute. 

Joxe Mari Agirretxek laburtu du Etxeratek eta Sarek egindako irakurketaren edukia. Nahiz eta aurrerapausoak ematen ari diren bi mugimenduek salatu dute "atzerapauso nabarmenak" ere egiten ari direla estatu-aparatuak. Esandako hiru adibiderekin azaldu du. Lehena, Ruben Garate. "Urteak dira sakabanaketa politikaren ondorioz istripuz hil zela eta haren omenez Otxandion margotua zuten horma irudia kentzera behartu dute auzitegiek. Bigarrean, Unai Fano. Hirugarren gradua eskuratu ondoren hamar hilabete zeramatzan kalean eta orain berriro espetxeratu dute. Azkena, Mikel Arrieta. Martuteneko kartzelan gaixo dagoen presoak 2020an bete zituen zigorraren hiru laurdenak eta txosten baten zain dago bere "gaixotasuna duintasunez artatu ahal izateko". Sareren ustez, adibide horiek erakusten dute "blokeoak hor jarraitzen duela". 

Horren aurrean, "oso positiboki" baloratu eta eskertu dute joan den larunbatean, urriak 23, Donostian egindako manifestazioak izandako atxikimendua eta parte hartzea. Baita Lasarte-Orian mobilizazio ekintza horretara deitzeko gauzatutako erlojuen argazkien egitasmoak izandako babesa ere. "Aurrera begira hori da planteatzen duguna, norberak ahalegina egin behar duela bere inguruan, senide eta lagunen artean. Planteatzen ari diren helburuak aurrera ateratzeko denon ahalegina behar dugu" gogoratu du Agirretxek.

Hurrengo erronkak Gabonetan egingo dituzten ekimenak eta 2022ko urtarrilaren 8an Bilbon egingo duten manifestazioa izango dira. "Garai erabakigarriak bizi ditugu eta denon bultzada beharrezkoa da", amaitu du bere adierazpena.