Senior 3. Mailako taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu du

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urriaren 28a

Ostadar eta Eibarren arteko lehia berdindua izan zen lehen bi laurdenetan.

Ostadar Saskibaloia ataleko Senior 3. Mailako taldeak Ligako bigarren jardunaldia jokatu zuen urriaren 24an, Maialen Chourraut kiroldegian. Eibar Saskibaloia B taldearen aurka neurtu zituen indarrak talde urdin-beltzak eta denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen

Bi taldeak gogotsua atera ziren kantxara eta lehen minututik lehia berdindua izango zela ikusi zen. Aurkariaren erasoei ongi erantzun zieten bi taldeek eta laurdena amaitzean 13nako berdinketa zegoen markagailuan.

Bigarren laurdena hasi eta Eibarko taldeak berdinketa apurtu zuen biko batekin. Ederki erantzun zion Ostadarrek hiruko batekin. Partidak lehen laurdenaren antzera amaituko zela zirudien arren, etxeko taldeak tarte txikia irekitzea lortu zuen azken minutuan. Bi saskiratze eta hiruko bat egin eta 33-27 joan ziren atsedenaldira.

Ostadarrek defentsan gogor ekin zion hirugarren laurdenean eta aurkariak 10 puntu besterik ezin izan zituen egin. Urdin-beltza, aldiz, erasoetan fin ibili zen eta falta pertsonaletako jaurtiketak ere ongi baliatu zituen markagailuan aurre hartzeko, 54-37.

Azken laurdenean saskiratze gutxi ikusi ahal izan ziren. Eibarrek ez zuen amore eman eta erasora jo zuen. Ostadarrek falta pertsonalak egitea besterik ez zuen izan aurkaria geratzeko, hiruko bat ere lortu zuen erantzun modura. Zorionez eibartarrak ez ziren fin ibili pertsonaleko marran eta hamarretik lau puntu bakarrik lortu zituen. 

Aurkariak aukera horiek galdu ostean, etxeko taldeak egoera baretu eta euren jokoa eginez sei puntu egin zituen. Eibarrek erantzunez, hirukoa egitea lortu zuen partida amaitzear zegoela. Partziala 9 eta 7koa izan zen.

Garaipeneko bi puntuak eskuratu ostean, azaroaren 6ra arte atsedena izango du taldeak.