Eguzki taldeko jubenilek eta infantilek erraz garaitu zituzten aurkariak

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urriaren 28a

Eguzki 2kn nagusi izan zen Erainen aurka.

Eguzki AF taldeko gazte, zein infantil taldeak lehian dira. Gazteen Mailako taldeak hirugarren jardunaldian Erain irabazi eta bere multzoko buru da. Infantil taldea, berriz, urriaren 16an jokatu da estreinakoz eta garaipena lortu du

Gazteen Mailako Eguzki 2kn areto futbol taldea bere mailako lehen postuan da zazpi punturekin. Aurreko jardunaldian husna berdindu ostean, garaipenerako bidera itzuli zen talde hori-berdea Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zen partidan. Lasarte-Oriako taldeak Erain hartu zuen mendean, 12-0.

Eguzki 2kn taldeko entrenatzaile Francisco J. Kixki Perez-ek azaldu duenez, Eraineko taldea kadetez osatu zegoen: "Kadete eta jubenil taldeak nahastu dituzte aurten zortziko bi multzo osatu ahal izateko. Eta partida honetan, bi taldeen arteko maila ezberdintasuna ageria izan da".

Eguzkikoa, berriz, talde osatua da entrenatzaileak aipatu modura: "Urteak dira elkarrekin jolasten dutela eta batzuk kuadrilla berekoak dira". 

Sailkapen fasea

Aurten lehiaketa sisteman aldaketa bat izango dute eta bi fase jokatuko dituzte Gazteen Mailako taldeek. 

Azaroaren 21eko asteburura arte, itzuli bateko sailkapen fase bat izango da. Multzoko bakoitzeko lau hoberenak – guztira, zortzi talde – Liga lehiatuko dute; gainerako taldeek, berriz, kontsolazio fasea. 

"Pausoz pauso joango gara.Ongi lan eginez gero, lehen fase hau arazorik gabe gaindituko dugu. Ostean, lesioak edo bestelako arazorik sortzen ez bada, lehen postuetan egoteko aukerak ditugula uste dut," nabarmendu du Perezek.

Taldeak hasiera gorabeheratsua izan duela onartu du prestatzaileak: "Batzuk urte erdia egin dute entrenatu gabe eta hainbat jokalariek min hartu dute berriro entrenamenduetan hastean".

Hala ere, gazteak gogoz lanean ari direla ere aipatu du: "Jarrera ona dute eta lanean ari dira. Orain gehiago trebatu behar dira". 

Lehen garaipena

Gazteen taldeaz gain, aurten Eguzkik infantilen taldea ere izango du lehian. 

Urriaren 16an, egin zuten debuta txikiek Aloña Mendi KE A-ren aurka. Ederki hasi zuten denboraldia, gainera; nagusitasunez gailendu ziren, 2-14.

Ez zen esperotako emaitza izan Gorka Redondo taldeko arduradunak azaldu duenez: "Futbolean ez bezala, maila honetan lehen eta bigarren urteko infantilek parte hartzen dute. Gureak lehen urtekoak dira eta gainera, lehen urtea dute lehian".

Taldearen helburua partidak irabazi eta sailkapeneko lehen postuetan egotea ez dela nabarmendu du Redondok: "gazteek ikastea eta ongi pasatzea nahi dugu".