ORDENANTZA FISKALAK

Tasak eta zergak %2,2 igoko ditu Lasarte-Oriako Udalak datorren urtean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 27a, 13:21
Eztabaidatzen hasi aurretik, gaurko saioaren urgentzia aho batez onartu du udalbatzarrak.

Udal korporazioak 2022. urterako ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena eztabaidatu du gaur goizean, urgentziaz. Txostenari hamasei emendakin jarri dizkiote alderdiek: horietatik lau onartu dituzte, zortzi baztertu, eta lau kendu. Tasen eta zergen igoera orokorrari eta hiri hondakinen kudeaketari buruz hitz egin dute, besteak beste. Zortzi aldeko bozka eta bederatzi abstentziorekin, udalbatzarrak onartu egin du espedientea.

Udal korporazioak ezohiko saioa egin du gaur goizean, datorren urterako ordenantza fiskalak aldatzeko proposamenari buruz eztabaidatzeko. Txosten hori asteleheneko Ekonomia, Ogasun eta Ondare batzordean aurkeztu zuen udal gobernuak. PSE-EE ez baina gainontzeko alderdiek hamasei emendakin aurkeztu zizkioten orduan, eta baztertuak izan ziren zortziak eztabaidatu dituzte. Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos (ELOP) alderdiko Tania Rodriguez zinegotziak ezin izan du etorri.

Udal zergen eta tasen igoera orokorra

EH Bilduk aurkeztutako zuzenketetako bat udal zergen eta tasen igoera orokorrari buruzkoa izan da: udal gobernuak %2,2koa izatea proposatu du. Estitxu Garmendia zinegotziaren hitzetan, alderdiari "gehiegizkoa" iruditzen zaio hori. "Uste dugu aproposagoa dela portzentaje hori %1,5ekoa izatea; hurrengo urteko Kontsumorako Prezioen Indizean [KPI] eragin handia izango du argindarraren prezioaren igoerak, eta enpresa horien lapurreta ez dute zertan herritarrek pairatu behar". Ogasun zinegotzi Iñigo Zabaletak (PSE-EE) erantzun du indize horren igoera %4aren bueltakoa izan daitekeela 2022an, eta horregatik, udal gobernuak mahai gainean jarri duen %2,2ko igoera hori "motz" gera daitekeela,  "udalak eman behar dituen zerbitzu guztiak aintzat hartuta". "Inork ezin zezakeen aurreikusi argindarra, petrolioa eta bestelako elementu batzuk horrenbeste igo zitezkeenik, eta horregatik, urtarrilean egin genuen prebisioa erabat desfasatua geratu da". 

Udalbatzarrak ez du emendakina onartu: bost aldeko bozka jaso ditu (ELOP eta EH Bildurenak) eta aurkako 11 (EAJ-PNV eta PSE-EErenak).

Hiri hondakinen bilketa

Gai horri buruzko hiru emendakin aurkeztu dituzte alderdiek. Lehenengoa, ELOPek: zabor tasa izoztea jarri du mahai gainean, "zerbitzuaren ezaugarriak definituta egon arte", baina ez du gainontzeko alderdien babesa jaso. Datozen asteetan zerbitzu horri buruzko ordenantza zehatza landuko dutela aurreratu du Zabaletak, eta hori "alderdi guztien artean" adostuko dutela. Hori hala izatea espero duela adierazi du Garmendiak, eta gehitu du Lasarte-Oriako birziklatze tasaren portzentajea %50 baino apalagoa dela ikusita, tasa hori izoztea ez dela neurri "egokiena". EAJ-PNVk, Jon Antxordoki bozeramailearen hitzetan, ordenantzak lantzeko mahaiak martxan jartzea galdegin dio udal gobernuari, orain arte ez baitu "ezer" egin.

Jeltzaleek bi zuzenketa plazaratu dizkiote hiri hondakinen kudeaketaren gaiari. Antxordokik aurkeztu ditu. Batetik, proposatu du zabor tasa izoztea zenbait sektoreri: merkataritza, zerbitzuak, ostalaritza, elikadura eta industria; eta bestetik, bosgarren edukiontzia erabiltzeko txartela duten familiei %5eko hobaria aplikatzea, egokitzapen horrek "erabiltzaile berriak" erakar ditzakeelakoan. Ideia horrekin bat egin du EH Bilduk. Udal gobernuak, Zabaletaren hitzetan, ezezko bozka eman die bi emendakinei, eta hondakinen kudeaketaren ordenantza "denen artean" landuko dutela azpimarratu.

Irabazi asmorik gabeko eragileak

EH Bilduk proposatu du zenbait zerbitzugatik (instalazioak eta pertsonal teknikoa erabiltzea) ez kobratzea honako eragile hauei: izaera kulturala, hezkuntzazkoa, kirolezkoa edo soziala duten pertsona fisiko, elkarte eta entitate antolatuak, irabazi asmorik ez dutenak. Emanaldietan sarreretako prezioa ezarrita ere, zerbitzu horiek ordaintzetik at jarraitzea ere eskatu du koalizio subiranistak, baldin eta Lasarte-Orian badute egoitza. Bi zuzenketa horiek baztertu egin ditu udalbatzarrak. Zabaletak azaldu du gaur egungo araudia "egokia" dela.

Pandemia hasi eta gutxira, udalbatzarrak onartu zuen lurzoruari mahai eta aulkiekin aprobetxamendu berezia ematea, ostalaritzari laguntzeko, eta tasa ez kobratzea. Horren harira, ELOPek tarifak izoztea proposatu du. "Tasa berriro kobratzeari ongi deritzogu, baina koronabirusak eragindako ondorio ekonomikoak ez direnez berehalakoan desagertuko, prezioak izoztea proposatzen dugu". Zabaletak erantzun dio alderdiari, eta nabarmendu du udalak ez duela tasa hori kobratu azken bi urteetan, eta hori ez dela hala izango 2022an. 

Espedientea, onartuta

Emendakinak aztertu eta gero, 2022ko ordenantza fiskalak aldatzeko espedientea onartu ala ez bozkatu dute. Onartu egin dute, PSE-EEren zortzi aldeko botorekin. ELOP, EAJ-PNV eta EH Bildu, berriz, abstenitu egin dira. Azken bi alderdiek erabaki hori arrazoitu dute.

Antxordokik jeltzaleen egin duten lana errepasatu du: "Bost hobekuntza aurkeztu dizkiogu espedienteari, eta bi onartu dira datorren urterako: uraren tasa izoztea eta animaliak bide publikotik kentzearen tarifa igotzea". Beste hiru emendakinak gaur goizean plazaratu dituzte berriro, baina bertan behera geratu dira. "Tamalez, ikusi dugu alderdi sozialistaren iritzia eta interesa ez dela berdina izan gai horietan". Ordenantzak lantzeko mahaiari dagokionez, eszeptiko agertu da bozeramailea: "Urte asko daramatzagu hori eskatzen, eta udal gobernuak ofizialki 2020an deialdia egin bazuen ere, ez du lan eraginkorrik egin". Antxordokik uste du hori izan dela "aitzakia" hiri hondakinen gainean jeltzaleek egin duten proposamena ez onartzeko. "Benetan lanean ari direla ikusi arte, ezin dugu sinetsi udal gobernuaren bertsioa; gure proposamenak baztertuz, herritarrei begira urtebeteko ordenantza justuagoak galtzen ditugulakoan gaude". 

EH Bilduk erregutu dio udal gobernuari lan mahai horiek martxan jartzea, "behingoagatik", hiri hondakinen ordenantzaz gain, "beste batzuk ere jorratu behar direlako", Garmendiak azaldu duenez. Adibide bezala etxebizitzarena jarri dute, "herritarren oinarrizko eskubide bat". Nabarmendu du koalizio subiranistak "urteak" daramatzala eskatzen etxebizitza hutsei %50 gainkargatzea Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ). "Herrian 700 bat egon daitezke hutsik, eta horiek alokairura bideratzeko neurriak lantzeko ardura guztiona da". Horrez gain, azpimarratu du udal tasak eta zergak %2,2 igotzea "gehiegizkoa" dela, "KPIa portzentaje horretan edo handiagoan handitzen bada argindarraren egiturazko igoeragatik izango delako hein handi batean, eta hori ez dute lasarteoriatarrek jasan behar". 

Udal gobernuaren irudikoz, udal tasak eta zergak %2,2 igotzea "moderatua" da, Aurrezki Kutxen Fundazioak (FUNCAS) urte amaierarako aurreikusi duelako KPIaren igoera %3koa baino altuagoa izango dela 2022an. "Aspalditik daramagu FUNCASen irizpidea aplikatzen, eta hori erabili dugu oraingoan ere", azaldu du. Ondoko hauek izango dira 2022an %2,2 igoko ez diren tasak: ur hornidurarena, izoztea adostu dutelako; eskualdeko kirol tasak, igoera baxuagoa izango delako (%1,4); herriko baserritarren postuen tasak, %50eko hobaria aplikatuko zaielako.