Urriaren 23an, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekua alebinen itzuleraren lekuko izan zen. Urte eta erdi lehiatu gabe egon ostean, berriro ere, txapelketei ekin diete. Gainera, euren gurasoen zein senideen berotasuna sentitu ahal izan zuten igerilari gazteek igerilekuan bertan.
Buruntzaldeako hamabost igerilari izan ziren proban eta oinarrizko bi proba izan ziren lehiatutakoak, 200 m. libre eta 100 m. bular probak. Lehen urteko alebinek gainera 50 m. libre proba ere izan zuten eta neskek mailan, 4x100 m. errelebo-lasterketa ere izan zen.
Buruntzaldea IKTko Borja Azpeztegia entrenatzaileak zaldu duenez, jardunaldi berezia izan zen. "Horrenbeste denbora lehiatu gabe egon ostean, berriro ere egoera honetan gure haurrek nola jokatuko zuten ez genekien," adierazi du.
Zalantza guztiak lehen metroetan uxatu zirela ere onartu du: "Lehen metroetatik guztiek gogotsu ekin zioten eta 200 m. libre bezalako proba zail baten aurrean, inolako beldurrik gabe eta ausardiaz egin zuten igeri".
Pozarren dago igeriketa taldeko prestatzailea guztiek maila ederra erakutsi zutelako, baita lehen postuetan egon zirelako ere.
Hurrengo hitzorduei begira, teknikoki hobekuntza batzuk egin behar direla jakitun da Apeztegia. Hala ere, lanean ildo beretik jarraituko dute eta igerilariek hartutako martxari eustea espero du kirol taldeko arduradunak.
Markak hautsi
Buruntzaldeako absolutu, junior eta infantil mailako hamabi igerilarik ere igerilekura jauzi egin zuten Neguko Ligako 1. jardunaldian. Guztira, hamasei marka pertsonal ontzea lortu zuten:
- Aintzane Sarobe: 200 m bizkar proba, 2.27,30.
- Nora Imaz: 50 m. tximeleta proba, 34,49.
- Garazi Etxeberria: 50 m. bular proba, 36,17 eta 50 m. tximeleta proba, 33,72.
- Saioa Elola: 1500 m. libre proba, 21.01,41.
- Iker Gorostegui: 50 bular proba, 40,79 eta 200 m. lau estilo proba, 2.40,18.
- Iker Gandia: 50 m. bizkar proba, 36,10.
- Jurgi Sukunza: 50 m. bizkar proba, 35,28 eta 200 lau estilo proba, 2.52,12.
- Miren Sarobe: 50 m. bular proba, 41,28; 50 m. tximeleta proba, 38,37 eta 200 m. lau estilo proba, 2.51,44.
- Alba Escribano: 50 m. bular proba, 46,50 eta 200 m. lau estilo proba, 3.05,00.
- Irati Etxeberria: 100 m. libre proba, 1.20,87.
Igeriketa taldeko arduradun Apeztegiak nabarmendu duenez, denboraldiko lehen txapelketan ez da erraza erritmo egokian lehiatzen. eta horren harira, txapelketan "oraindik puntu baten falta" dutela ikusi du igeriketa taldeko arduradunak. Intentsitate hobean lehiatzeko "pixkanaka entrenamenduko erritmoa" igoko dituela iragarri du Buruntzaldea IKTko prestatzaileak.