Beltzek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuten Michelinen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 26a, 11:30

Garaipen ederra ikusi ahal izan zuten urriaren 23an Michelin Kirol Gunera joan ziren ikusleek. Ez zen ordu aproposena – 14:50ean jokatu zen partida – baina zaletuek ez zuten huts egin eta Euskal Ligako 2. Mailako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RT taldea animatu zuten. Jokalariek ederki erantzun zioten zaletuen berotasunari eta 44-32 irabazi zioten Vithas Gaztedi taldeari

Indartsu atera ziren Zarautzeko jokalariak. Beltzak taldea osatzen duten herritarrek gainera euren onena erakutsi nahi zuten eta hainbat jokaldietan protagonista izan ziren.

10. minutuan markagailua ireki zuen Zarautzek entsegu baten bitartez. Eta bigarrengo entsegu bat ere egin zuten aurkariak lehen puntuak lortu bitartean. 

21. minutuan, Gaztedik tartea murriztu zuen, entsegua eta entsegu-gauzatzea eginez, 10-7.

Ederki erantzun zuen Zarautzek, ordea. Gavi Gavilan herritarrak entsegua egin eta tartea ireki zuen, berriro ere. 

Nahiz eta atzetik joan gasteiztarrek ez zuten amore eman eta drop bat lortu zuten. 

Tamalez ahalegina antzu izan zen, lehen zatia bukatzear zegoela Jokin Beloki herritarrak entsegua eta entsegu-gauzatzea lortu baitzituen. Atsedenaldira, 22-10 iritsi ziren.

Bigarren zatian, jokoak berdin jarraitu arren, bi taldeek eraso gehiago gauzatze lortu zuten eta jokaldi eta entseguez gozatu zuten ikusleek. 

Beltzek ongi egin zuten lan euren errenta mantendu eta handitzeko. Lasarteoriatarrek ere jarri zuten euren harritxoa, 27 puntutik zazpi; Julen Belokik, zein Julen Espinosa gazteak entsegu-gauzatze bat eta entsegu bat lortu zituzten, hurrenez hurren.

Era horretara, denboraldiko bigarren garaipena eta bost puntuak lortu zituzten beltzek.

Lehen garaipena

Ohorezko B Mailako taldeak, berriz, denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen etxean. Euskal Ligako taldearen antzera, Vithas Gaztediren aurka neurtu zituen indarrak Asti zelaian eta 37-15 gailendu zen.

Partida hasieratik aurretik izan zen Zarauzko taldea. Defentsa lan ona egin eta gasteiztarrak gutxitan gerturatu ahal izan izan ziren entsegu marrara. Lehen puntuak, esaterako, zigor-ostikoz lortu zituen Gasteizko taldeak zortzigarren minutuan eta lehen zatia amaitzear zegoela egin zuten entsegu bat.

Neurketa horretan Lasarte-Oriak ordezkaritza izan zuen, Ander Rekondo. Urtebeteko etenaldiaren ostean, zelaira itzuli zen herritarra; 68. minutuan atera zen jokatzera.

Sistema aldaketa
Aurten Ohorezko B Mailako denboraldiak berrikuntza bat izango du lehiaketa sisteman. 

Lehen itzulia amaitzean, sailkapeneko lehen hiru postuetan dauden bederatzi taldeek – hiru talde multzoko– igoera faserako sailkapen multzoa osatuko dute. 

Euren artean liga jokatu ostean, lehen lau taldeek Ohorezko Mailarako igoera lehiatuko dute.

Atsedena

Bi taldeek atsedena izango dute azaroaren 7ko asteburura arte.Ohorezko B mailako taldeak Universitario Bilbao Rugbyren zelaia bisitatuko du azaroaren 6an; Euskal Ligako 2. Mailako taldeak, berriz, Eibar izango du aurrez aurre.