Datorren urteko Inauterietako gaia aukeratzeko parte hartze prozesua ireki du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 26a, 10:48
Ezker-eskuin: Nagore Duran, Agustin Valdivia eta Txus Alonso. Argazkia: Txema Valles.

Zertaz mozorrotu nahi zenuke herria 2022. urteko Inauterietan?. Hori da Lasarte-Oriako Udalak herritarrei luzatu dien galdera. Gaia erabakitzeko parte hartze prozesua ireki du; proposamenak egiteko azken eguna azaroaren 5a izango da, ostirala.

Agustin Valdivia alkateak, Partehartze batzordeburu Nagore Duranek eta Ospakizunetako batzordeburu Txus Alonsok aurkeztu dute egitasmoa. "Une horretako osasun egoera nolakoa den ikusi beharko dugu, baina 2022ko Inauteriak normaltasunez ospatzea gustatuko litzaiguke", adierazi du azken horrek. Iragan asteko astelehenean konpartsekin elkartu zen udala, eta Alonsoren aburuz, eragileak "oso animatuta" daude ekitaldia antolatzeko. 

Txartelak, etxez etxe

Duranek azaldu du udala hasi dela proposamenak idazteko txartelak banatzen herritarren etxeetan. Eskuorria bete, eta udaletxeko bulegoetako postontzietara eraman beharko dute herritarrek, azaroaren 5a baino lehen. Eskuorri horiek hiru egun geroago bilduko ditu udalak, eta datorren urteko Inauterietako gaia erabakitzeko "oinarrizkoak" izango dira, konpartsetako kideen iritziekin batera.