LOKEko judokak senior mailako Gipuzkoako txapelketako podiumean izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urriaren 25a

LOKEko judokak, Gipuzkoako txapelketan eskuratutako dominekin. Arg.: LOKE judo

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) judo sailak bi hitzordu izan ditu urriaren 24an: senior mailako Gipuzkoako txapelketa eta Euskadiko federazioak antolatutako entrenamendua. Senior mailako judoka guztiak podiumera igo ziren; zilarrezko domina bat eta lau brontzezko batu zituzten

Errenterian antolatu zen Gipuzkoako txapelketan LOKEko bost senior izan ziren lehian eta bostek domina eskuratu zuten.

Asier Sagastik 100 kilo azpiko mailan lortu zuen emaitzarik onena, zilarrezko domina. 

Gainerako judokak ere euren mailako podiumera igo ziren, hirugarren mailara, hain zuzen: Josu Olmos 66 kilo azpiko mailan, Abayuba Gutierrez 73 kilo azpiko mailan, Haritz Urdangarin 81 kilo azpiko mailan eta Fermin Balda, 90 kilo azpiko mailan.

Gorka Aristegi entrenatzaileak, aurrerantzean izango dituzten lehiaketak prestatzeko balio izan duela nabarmendu du.

Txapelketaren ostean, seniorrak  Mario Herrero, Ekhi De La Cruz eta Unai Guisado kadeteekin zein Aitor Santos infantilarekin egin zuten bat Euskadiko selekzioak antolatutako entrenamenduan.

Bide batez, Gorka Aristegi arduradunak MSI Grupo enpresari eskerrak eman nahi dizkio taldea babestu eta euren jarduna aurrera eramaten laguntzeagatik.