Ratio duinagoak eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Gipuzkoako adineko egoitzetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 25a, 14:32
Argazkia: ELA sindikatua

Gipuzkoako hogei adineko egoitzetan baino gehiagotan kontzentrazioak egin dituzte. Langileak kalera irten dira bizi duten egoera salatu eta ratio "duinagoak" eskatzeko. Lasarte-Oriako Atsobakar egoitzako langileek bat egin dute deialdiarekin

Gipuzkoako adineko egoitzetako langile ugari bildu ziren zentroetako atarietan. Hiru "urte luzez" greban egon ondoren, euren egoera gero eta gordinagoa dela salatu dute. Gainera, jakinarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egiten diola negoziazioari, eta erresidentzietako errealitatea onartu ordez, egungo eredua defendatzen jarraitzen duela: "Errealak ez diren ratioak daudela defendatzen du, bi egoiliarreko langile bat dagoela esanez. Datu zuzena honakoa da: hamahiru daude langileko".

Egoera hori salatzeko egin dute mobilizazioa; ratio eta egoera errealak zeintzuk diren aldarrikatzeko. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote erantzukizunez joka dezala eta mahaiaren bueltan, negoziatzera eser dadila. 

Mobilizazioek jarraipena izango dutela ere iragarri dute. Bi greba egun deitu dituzte hilabete honen amaierarako eta datorrenaren hasierarako. Urriaren 28an eta azaroaren 12an izango dira aipatu lanuzteak.