DRAVET SINDROMEA

'DraveTzari'-ren historia ikustarazteko erakusketa jarri dute Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 22a, 14:01

Donostiako Gero Axular Dantza Taldeak eta Apoyo Dravet elkarteak 'DraveTzari' erakusketa jarri dute ikusgai Manuel Lekuonan; eritasunaz kontzientziatzea da helburuetako bat

DraveTzari erakusketa ikusgai dago Manuel Lekuona Kultur Etxean; hilaren 14an zabaldu zituen ateak eta 27ra arte izango dute herritarrek jarduera bisitatzera joateko aukera. Gero Axular Dantza Taldeak eta Apoyo Dravet elkarteak elkarlanean sortu duten proiektua da, eta Dravet sindromeaz kontzientziatzea eta kultura inklusiboa sustatzea ditu helburu.  

Hamasei urte ditu DraveTzari-k, eta Nora Aras Perea du izena. Dravet sindromearekin jaio zen, gaur-gaurkoz existitzen den sindrome epileptiko larrienetarikoarekin.  Gaitz horrek ez dio Gero Axularren oholtza gaineko emanaldietan aritzeko aukerarik uzten, baina, urteak daramatza aipatu dantza taldearen jarduera ezberdinetan parte hartzen. Zenbaitetan kantuan, eta beste batzuetan, berriz, taldeko dantzarien laguntzarekin dantza eginez.

Gaixotasun arraro gisa izendatua dago  Dravet sindromea, izan ere, jaiotzen diren 20.000 haurretatik batek garatzen baitu. Horren ondorioetako bat da eritasuna ezezaguna izatea. Eta hain zuzen ere, horri irtenbide bat jarri asmoz, hau da, sindromea bistarazi eta kontzientziatzeko prestatu dute erakusketa. Ez horretarako bakarrik, ordea: kultura inklusiboa sustatzeko ere bai.

Horrela, Gero Axularrek bere emanaldietan erabiltzen dituen hamabi jantzi tradizional ikus daitezke kultur etxeko aretoan. Horrekin batera, jantzi bakoitzaren testuingurua azaltzen duten deskribapen afixa batzuk ere aurkituko dituzte. Baina ez hori bakarrik; baserritar dotore nola jantzi argitzen duten #dotorejantzi eskuorria ere eraman ahal izango dute etxera bertaratzen direnek.

Ikus-entzunezko bat ere bai
Kultur etxeko erakusketa osatzeko, multimedia pieza bat ere jarri dute antolatzaileek, Hori ikusi eta entzuteko aukera ere izango dute bisitariek. Bertan DraveTzari-ren historiaren berri jasotzeaz gain, baserritar nola jantzi ere erakusten dute, besteak beste, abarkak nola lotu edota buruko zapiak nola jarri behar diren azaltzen dute.

Dravet sindromea ardatz hartuta, euskal kulturak gizartea eraldatzeko elementu gisa dituen aukerak balioan jarri nahi izan dituzte Gure Axular Dantza Taldeak eta Apoyo Dravet elkarteak.