Donostia Arraun Lagunak traineruak, besteak beste, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera eskuratu ditu lehenengoz aurten. Zer suposatzen du taldearentzat?
Oso kontentu gaude lortutako garaipenekin. Klubean historia egin dugu eta horrek asko pozten gaitu. Denboraldian zehar, ikusi da neguan egindako lanak bere fruitua eman duela.
Kontxako Bandera irabaztea, gainera, historikoa izan da. 71 urte igaro dira Donostiako traineru batek bandera azkenekoz eskuratu zuenetik. Nola bizi izan duzue?
Ikaragarria izan da. Oraindik uste dut ez dudala sinesten aurtengo Kontxako Bandera gurea denik. Amets bat egia bihurtu dugu.
Udaletxeko balkoira igo, udaletxeko harrera, Real Sociedad-Sevilla partidako ohorezko sakea…Ospakizunak ugariak izan dira.
Denbora gutxian ekitaldi garrantzitsu askotan hartu dugu parte eta horietan asko disfrutatu dut. Guztiak izan dira desberdinak eta denak ilusio handiz bizi izan ditut.
Euskotren Ligari dagokionez, zirraragarria izan da...
Aurtengo liga oso gogorra izan da; izan ere, beste traineruek izugarrizko maila erakutsi baitute.
Orio izan da zuen arerio nagusia denboraldi osoan zehar. Lehiakortasun horrek astez aste zuen onena ematera behartu zaituzte?
Bai, argi ikusi dugu Orio izan dela gure arerio nagusia eta horrek ere indar gehiago ematen du estropadan gure onena emateko.
Horretarako, entrenamendu saiorik gehitu al duzue? Edo entrenamendu mota aldatu?
Ez, ez dugu entrenamendu saio gehiago egin. Aurten talde tekniko berria izan dugu eta ikusi da gurekin guztiz asmatu dutela.
Hala ere, horrek ez du esan nahi aurreko urteetan egindako lana gaizki egin denik.

Denboraldiko helburua alde handiz gainditu duzue. Pozik zaudete egindako lanarekin?
Bai, oso pozik gaude egindako lanarekin. Denboraldia hasi baino lehen Liga eta Kontxa irabaziko genituela esango baligute ez genuke sinetsiko.
Zer suposatu du zuretzat denboraldi honek?
Aurtengo denboraldikoa bizitzan lortu izan dudan lorpenik garrantzitsuenetako bat izan dela esan dezaket. Urte honek arraunean jarraitzeko eta aurrera egiteko indar handia eman dit.
Gainera, postuz aldatu duzu estropadaren batean. Zer moduz moldatu zara?
Bai, estropada gehienetan popan, hankeko babor bezela aritu naiz Lekeitioko banderan izan ezik.
Lekeition brankan jokatu nuen estropada eta gogoan dut oso urduri nengoela. Egoera nahiko ondo kontrolatu nuen eta ondo atera zen.
Orain atsedena duzue. Noiz hasiko zarete denboraldi berria prestatzen?
Normalean urri bukaeran edo azaro hasieran hasten gara berriro entrenatzen.
Orain arraunaz deskonektatzeko garaia dugu. Hurrengo urtean berriro ere aurtengo mailan egoteko deskantsatu beharra dugu.