Maialen Chourraut kiroldegian, jubenil mailako taldearen lehen partidaz gozatu ahal izan zuten kirol horretako zaletuek. Ederki hasi zuen gainera taldeak Gipuzkoako Irekiera Txapelketa; partida irabazi zuen.
Aldapeta Maria B taldea izan zuen aurkari Ostadarreko jubenil taldeak bere debutean.
Partida berdindua izan zen eta lau set behar izan zituen talde urdin-beltzak partida bereganatzeko. Lehen hiruretan emaitza estua izan zen: 25-23, 25-21 eta 23-25. Azkenean, berriz, tartea irekitzea lortu zuen etxeko taldeak, 25-16.
Asier Acuriola entrenatzailea pozarren dago jokalariek partidan egindako lanarekin. Prestatzailea jakitun da, ordea, Aldapetak Ostadarren antzera talde berria zuela. "Jokalari berri asko zituen aurkariak Horregatik partida lehiatu eta garaipena erdietsi ahal izan genuen," onartu du.
Trebatzen
Talde urdin-beltzaren kasuan, talde berria izateaz gain, jokalari gehienak boleibolean hasi berriak direla azpimarratu du Acuriolak.
"Jubenil mailan lehiatzen dugun arren, taldea osatzen duen gehienekoa kadete mailan egon beharko luke. Gainera, gehienek boleibolean bere lehen pausoak ematen ari dira. Zortzi aste daramatzate bakarrik entrenatzen," adierazi du.
Hori dela eta, hurrengo partidak irabazteko zailtasunak izango dituela aurreikusten du talde urdin-beltzeko arduradunak, "talde batzuekin garaipena lortzea ezinezkoa izango dugu."
Eta entrenamenduz entrenamendu eta partidaz partida lan egin, jokalariak trebatu eta egoera aldatuko dela iragarri du. "Gutxieneko ikastaldi bat behar da, baina ziur nago denboraldi amaieran talde batzuekin ederki borrokatuko direla. Gainera, jokalariak ikasteko prest daude".
Izan ere, taldearen azken helburua "ikastea eta kirolaz gozatzea" dela onartu baitu Ostadarreko arduradunak.
Euskal Liga
Senior taldeak, berriz, Iruñean eman zion hasiera lehiari. Partida zailari aurre egin behar izan zion Lasarte-Oriako taldeak Euskal Ligako lehen hitzorduan.
Aurkaria Navarvoley taldea izan zen eta hiru set behar izan zituen gailentzeko: 25-15, 25-15 eta 25-7.
Ostadarrek ederki hasi zuen partida. Hala baina, aurkariaren sakeei nekez erantzun ahal izan zien eta horrek eragina izan zuen talde urdin-beltzaren jardunean. Asier Acuriolaren esanetan, "lehen set ona jokatu genuen. Baloiak hartzean arazoa izan genuen, ordea eta horrek taldearen animoan gorabeherak sortu zituen".
Mailara egokitu
Euskal Ligara jauzia eman aurretik maila aldaketa erronka handia izango zela jakitun zirela onartu du talde urdin-beltzeko prestatzaileak. "Lehiaketa gogorragoa eta esperientzia handiko taldeak daude".
Partidak irabaztea zail izango dutela argi du Acuriolak, baina hitzordu bakoitzean euren onena eman eta garaipenarengatik borrokatuko direla adierazi du. "Lan gehiago, esfortzu gehiago egin beharko dugu Euskal Ligako mailara egokitu eta partidak irabazteko. Baina hori da aurtengo xedea. Kirol batean hazteko muga igotzen joan behar da".
Eta jokalariak ere etapa berri honetarako prest daudela azpimarratu du. "Jokalariek ere badakite egoera zein den eta konpromisoa hartu dute. Motibatutik dauden arren, beldurra ere badute. Beldur hori uxatzen badute, mailaren eskaera egokitu ostean, joko dinamikoagoaz gozatuko dutela uste dut".