Lehen laurdenean, Bergarako jokalariek partidaren erritmoa ezarri zuten eta urdin-beltzek zail izan zuten saskiratzea. Markagailuan aurreratu zen aurkaria, baina Ostadarrek presio gogorrarekin lortu zuen bere uztaia defenditzea. Ondorioz, saskiratze ugari egin eta partida berdindu zuten. Laurdena, ordea, Bergararentzat izan zen, 13-17.
Bigarren ere berdintasuna izan zen nagusi. Eraso bakoitzari ederki erantzuten zion aurkariak eta hiruko jaurtiketek garrantzia izan zuten.
Atsedenaldiaren ostean, talde urdin-beltzak defentsa aldatu zuen. Zona-defentsa ezarri eta Bergarako jokalariek jaurtiketak besterik ezin izan zituzten egin.
Ondorioz, Urreiztik zuzentzen duen taldeka partziala irabazi zuen puntu batengatik, 10-9.
Azken laurdena zirraragarria izan zen. 33-37 hasi arren, presioa egin eta partida 39na berdintzea lortu zuten Ostadarreko jokalariek. Defentsa lanak ordea urdin-beltzak nekatu zituen eta hutsuneak sortu ziren. Horiek ongi baliatu zituen Bergarak aurre hartzeko. Ostadarrek erantzun eta bi minutu faltan, 43-43 zegoen markagailuan.
Aurkariak, ordea, ez zuen amore eman eta biko saskiratzea eta falta pertsonal bat egin zituen. Hiruko saskiratzea zen talde urdin-beltzaren esperantza bakarra, baina baloia ez zen saskian sartu.
Egindako lanaz harro
Partida galdu arren, pozarrean agertu da taldeko entrenatzailea jokalariek egindako lanarekin. "Nahiz eta partida galdu, gogoz eta motibazioz beteta jokatu dute partida. Oiartzungo arantza kendu dugu eta harro nago gaur ikusitakoarekin".
Urreiztik argi du lan asko dagoela aurretik partidak irabazteko. Hala ere, taldearen nortasuna kontuan izaki, helburu hori lortuko dutela uste du.
Hurrengo partida ere gogorra izango dela aurreratu du entrenatzaileak, Bera Bera izango baita aurkaria. Hitzordua urriaren 24a, igandearekin, 12:00etan, Donostiako Paco Yoldi Kiroldegian.