Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunarekin bat egin dute merkatariek eta udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urriaren 19a

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko zein Aterpeako ordezkariak, osasun zentroaren parean.

Bularreko minbizia ikertzera baliabide gehiago bideratu behar direla aldarrikatu dute Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak (GMAE) eta Aterpea merkatarien elkarteak. Herriko osasun zentroaren parean elkartu dira, eta zapi zein xingola arrosen bidez, gaitz horren aurkako egunarekin bat egin dute. Bestalde, Lasarte-Oriako Udalak afixak jarri ditu bere eraikinetan.

"Metastasikoak ez diren bularreko minbizien aurreikuspenak gero eta hobeak dira bost urtera, eta hori ikerketari esker gertatzen ari da, azpimarratu du GMAEko lehendakari orde Valentin Lobatok. Horrekin batera, zehaztu du Espainiar Estatuan 35.000 kasu atzemango direla 2021ean. "Gehien atzematen den minbizi mota da bularrekoa". "Funtsezkoa da gaitza ikertzera baliabide gehiago bideratzea, eta oso eskertzekoa Aterpeak eta beste hainbat elkartek hori ikusarazteko egiten duten lana". Merkatarien elkarteko lehendakari Miguel Angel Prietok jakinarazi du Aterpeako bazkide diren 70 bat komertziok zapi eta globo arrosak jarri dituztela erakusleihoetan, eritasun horren aurkako borroka ikusarazteko asmoz. Ekimen hori GMAEk herrian dituen boluntarioekin batera prestatu dute.

Haien lana goraipatu dute Aterpeako eta GMAEko ordezkariek. Azken horren diruzaina da Iñaki Gabilondo, eta aditzera eman du Gipuzkoa osoan 950 boluntario dituela elkarteak. "Gure helburu nagusia ikerketa sustatzeko baliabideak biltzea da". Hitzartzeak amaitu eta gero, talde argazkia atera dute osasun zentroaren parean.

Afixak udal eraikinetan

Lasarte-Oriako Udalak ere bat egin du Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunarekin. Udaletxe zaharreko zein berriko balkoietan afixa bana jarri du, borroka horrekin "konprometituta" dagoela adierazteko. Eritasuna garaiz detektatzea "berebizikoa" dela azpimarratu du: "Tratamenduak eraginkorragoak dira, ez horren erasokorrak, eta horrek bizi kalitate eta biziraupen tasa altuagoak dakartza". 

Bularretan irregulartasun edo koskorren bat sumatuz gero, herritarrei gomendatu die medikuarenera joateko.