LOKEko judokek podiumean hasi dute denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urriaren 19a

Senior mailako Espainiako Kopan lehiatu ziren LOKEko judokak. Sagasti, erdian. Arg.: LOKE Judo.

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko (LOKE) judokak lehian hasi dira. Senior zein kadete mailako Espainiako Kopak lehiatu dituzte, baita infantil mailako Gipuzkoako txapelketa ere. Herriko kirol elkarteko judokak lan ederra egin zuten eta ondorioz, Asier Sagasti seniorra eta Iker Izquierdo infantila podiumeko gorenera igo ziren.

Urriaren 9an, Espainiako Kopako hitzordua izan zuten LOKEko Asier Sagasti, Fermin Balda, Abayuba Gutierrez eta Haritz Urdangarin seniorrek, Iruñeako Mendillorri kiroldegian.

Sagastik lan ederra egin zuen 100 kilo azpiko mailan. Iñigo Gerboles nafarra, Saul Garcia errioxarra eta Alberto Mur valentziarra garaituz lehen postua erdietsi zuen. 

Balda finalerdietara iritsi zen 90 kilo azpiko mailan. Borrokaldi horretan, ordea ,ezin izan zuen Gorka Eizaguirre zarauztarra garaitu. 

Brontzezko dominaren bidea hasi zuen gazteak eta Maxime Hiriart izan zuen arerio. Frantsesa gailendu zen eta bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen LOKEko kideak. 

Abayuba Gutierrezek bi borrokalditik bi galdu zituen 60 kilo azpiko mailan; Haritz Urdangarinek ere jardun berdina izan zuen 81 kilo azpiko mailan.

Garaipena infantil mailan

Gipuzkoako infantil mailako judokek, berriz, Eibarren, urriaren 16an izan zuten hitzordua lurraldeko txapelketa jokatzeko. LOKEk bi ordezkari izan zituen Iker Izquierdo eta Aitor Santos. 

Izquierdo 55 kilo azpiko finalera iritsi zen. Aurretik hiru aurkariri aurre egin behar izan zien gazteak. Finalean Adarra klubeko Jon Iparragirrerekin neurtu zituen indarrak eta LOKEko judoka garaile izan zen.

Santos eta Izquierdo infantilak, Gipuzkoako txapelketa amaitu ostean. Arg.: LOKE judo.

Santosek 66 kilo baino gehiagoko mailan bi borrokalditan lehiatu zen,baina ezin izan zuen lehiaketan aurrera egin.

Urriaren 17an, Unai Guisado eta Ekhi de La Cruz kadeteak Suancesen (Kantabria) Espainiako kopako proban lehiatu ziren Euskadiko selekzioarekin. 
Dominetako borrokaldietara iritsi ez ziren arren, esperientziatik asko ikasi zutela adierazi du Gorka Aristegi LOKEko prestatzaileak.

Urriaren 24an hitzordu bikoitza izango dute LOKEko kideek. Seniorrek Gipuzkoako txapelketa lehiatuko dute, Errenterian. Gainerako mailetako judokek Euskadiko selekzioak antolatutako entrenamenduak izango dituzte, Donostian.