Hiru sari banatuko dira: emakumezko eta gizonezko kirolari onena eta ibilbide profesionala. Hautagaiak pertsona helduak izan behar dira.
Sarirako hautagaitzak etxeetara iritsi den eskuorriaren zein Lasarte-Oriako webgunean eta kiroldegian eskura daitekeen orriaren bitartez aurkeztu behar dira.
Partehartzea@lasarte-oria.eus helbide elektronikora bidali edota parte-hartze postontzietan utzi daitezke proposamenak. Postontziak Sexuen Elkarbizitzarako emakumearen Zentroan, Manuel Lekuona Kultur Etxean, Gaztelekuan, Lasarte-Oriako Udaletxe zaharreko arkupetan eta Maialen Chourraut Kiroldegian daude kokatuak.
Herritarrek edo elkarteek gehienez hautagai bat aurkeztu dezakete eta urriaren 31ra arte egin ahalko dituzte proposamenak.
Aurten berrikuntza modura, etxeetara iritsi diren parte-hartzeko orrietan QR kodea txertatu dute. Horrek udalaren webguneko partaidetza-prozesura bideratuko du herritarra eta bertan parte hartu ahal izango du, baita prozesuaren oinarriak ikusi ere.
Bozka eta sari banaketa
Hautagaiak bildu ostean, herriko kirol elkarteek eta Kirol Batzordeko kideek sarituak erabakitzeko bozkatuko dute.
Kirol elkarteek azaroaren 17a baino lehen eman beharko dute euren iritzia; batzordekideek, berriz, azaroaren 19ko batzordean aurkeztuko dituzte euren bozkak.
2021eko kirolariek diploma bat jasoko dute abenduaren 17an egingo den Lasarte-Oriako Kirolaren Galan.
Ordura arte, Kale Nagusiko faroletan Lasarte-Oriako Kirol Galan sarituak izan diren 15 kirolarien banderolak jarriko direla jakitera eman dute. Banderatxo horiek datorren astean jarriko dira.