Lehen Hezkuntzako haurrak aire zabalean maskarilarik gabe egon ahal izatea eskatu dute herriko dozenaka gurasok

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 18a, 18:39

Gurasoak eta seme-alabak, gaur arratsaldeko protesta ekintzan. Argazkia: Garaikoetxeako gurasoen taldea.

Haurrak Ere Bai plataformak gaurko deitutako eserialdiarekin bat egin dute herriko dozenaka gurasok gaur arratsaldean. 16:45ean elkartu dira Garaikoetxea Landaberriko patioan, eta hamar minutuko protesta ekitaldia egin dute, ikastetxeetan Eusko Jaurlaritzak aplikatzen duen protokoloaren aurka.

Ez geratu atzean, eta eseri zaitez haurren ongizatearen alde lelopean, hainbat guraso lasarteoriatarrek bat egin dute Haurrak Ere Bai plataformaren aldarrikapenekin: eskatu dute Lehen Hezkuntzan ikasten duten 6 eta 12 urte arteko haurrek musukorik gabe egon ahal izatea aire zabaleko espazioetan. "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta goragoko mailetako ikasleek horretarako aukera dute, baina gazteagoek ez", nabarmendu dute. "Argitu nahi dugu protesta ekintza ez dela ikastetxeen aurkakoa, Eusko Jaurlaritzak zentroetan aplikatzen duen neurri sortaren kontrakoa baizik".