Datorren larunbatean bueltatuko dira Euskal Jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urriaren 15a

Lasarte-Oriako Euskara Batzordeak eta Ttakun Kultur Elkarteak lankidetzan antolatutako Euskal Jaien aurkezpena egin dute gaur arratsaldean Okendo plazan. Iazko ospakizun sinbolikoaren ondoren, euskal kulturan oinarritutako ekimena datorren larunbatean, hilak 23, bueltatuko da. Herritarrak baserritar janztera deitu dituzte.

Euskal Jaiak bueltan dira. Pandemia tarteko iaz ezin izan zuten ohi bezala ospatu, eta aurten mugaren batzuk badira ere, herritarrek festaz gozatzeko aukera izango dute. Euskal komunitatea elkartzeaz gain, hain gertuko ez zaien horientzako gune ere izan nahi du ekimenak.

Prestaketaz arduratu diren bi erakundeen ordezkariak, Jon Antxordoki udaleko Euskara buruak eta Ttakuneko Kultura arduradun Xabier Matxainek ezagutarazi dute jarduera zerrenda ostiral arratsaldean Okendon egindako agerraldian. Ez zeuden bakarrik, ordea. Alboan izan dituzte larunbateko festaren parte diren zenbait eragile ere: Ttirriki Ttarraka, Plaza dantzan ekimeneko Xabier Fernandez de Lezea, Lasarte-Oriako Muntteri-AEK euskaltegiko zuzendari Garazi Zinkunegi eta Rikardo Izaga.

Txistularien diana Okendotik abiatuko da, erdialdeko eta Zumaburuko kaleetan barrena zabalduko du jaia hasi dela. Ondoren, kantu-dantza jirak hartuko die lekukoa. Sagardotegi plazan elkartu, eta bertatik irtengo dira kaleak girotzera. Ordu berean, plazan, bertako produktuen, eskulanen eta bestelako salgaien azoka jarriko dute. Salmenta garaia amaitzean, postuak kendu eta herri bazkariari leku egingo diote Okendoko zabalgunean. Mahaien bueltan 100 laguntzako lekua izango da. Paella eta postre goxoa jan nahi dutenek  Jalgin eskura ditzakete txartelak. Helduena 10 euroan (ogia, edaria, kafea eta kopa barne), 16 urte artekoena, berriz, 6 euroan (ogia eta edaria barne.

Jairekin bat egin eta giroa pizten laguntzeko, antolatzaileek herritarrak deitu dituzte baserritar janztera.

Egitaraua

  • 09:30. Diana
  • 11:00-12:30. Txikientzako kantu-dantza jira
  • 11:00-13:30. Azoka
  • 14:00. Herri bazkaria
  • 16:00. Musika animazioa
  • 18:00. Ttirriki Ttarraka erromeria.

Eragileen omenaldia

Euskal Jaien ospakizunaren baliatuko du Ttakunek bere 30. urteurreneko jarduera zerrendari ekiteko. Hala, aitortza omenaldi xumea egingo die hiru hamarkada hauetan aurrera eraman dituen askotariko jardueren antolakuntzan lagundu dioten eragileei. Okendo plazan, 12:30ean.