Eskualdeko langabeak lan merkatuan txertatzeko prestakuntza programa baten berri eman du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 15a, 14:22

Udal brigadetan lan ugari egiteko operarioak trebatzea eskaintzen du egitasmoak, eta Beterri-Buruntzako udalek eskaintzen dute, Lanbide atariaren bidez. "Lan merkatuan sartzeko arazoak dituzten kolektiboengan eragitea da helburua", aipatu dute.

Hiriguneak mantentzeko ikastaroa eskainiko dute, 150 ordukoa; urriaren 25ean hasiko da, eta abenduaren 10ean bukatuko. Gainditzen dutenek eskualdeko udal brigadetan lan egiteko aukera izango dute; guztira hamazazpi lanpostu izango dira. Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duenez, herrian lanaldi osoko bost postu eskainiko ditu, bost hilabeterako. Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Lehentasuna izango dute Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (DSBE) kobratzen dutenek, eta bost postu eskainiko zaizkie horiei. Beste zazpi, berriz, hauei: 35 urtetik beherakoei, 45 urtetik gorakoei, denbora luzez langabezian daudenei eta bazterketa arriskuan dauden pertsonei. Gainontzeko hiruak, azkenik, 55 urte baino gehiago dituztenei eskainiko zaizkie. 

Bete beharreko baldintzak

Lanbiden langabetu gisa izena emanda izatea, aurretik programaren onuradun ez izana, Beterri-Buruntzako udaletakoren batean erroldatuta egotea (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta edo Usurbil) eta hiriguneen mantenu ikastaroa gainditzea. Horiek dira bete beharreko baldintzak programan parte hartu ahal izateko. 

Izena emateko epea zabalik dago, Lanbideren atarian bertan, "hautagai kopuru nahikoa egon arte", eskualdeko udalek jakitera eman dutenez. Informazio gehiago eskuratu nahi duten herritarrek udaleko Sozioekonomia batzordearekin jar daitezke harremanetan, bide hauen bitartez: 618 13 92 40 telefono zenbakira deituta, edo enplegu@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzita.