Azkarra eta eztabaida gutxikoa izan da urriko ohiko udalbatzarra

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 15a, 15:22

Hilero bezala, ohiko udalbatzarra egin du Lasarte-Oriako udal korporazioak. Ordu erdi eskaseko iraupena izan du, eta ez dute ia eztabaidarik egin. Añarbe Mankomunitatearen mozio bat gehitu dute gai ordenan, urgentziaz eta aho batez onartu dute

Azkarra izan da urriko ohiko udalbatzarra. Ostegunean, hilaren 14an elkartu da udal korporazioa pleno aretoan, eta zortzi puntu jarri dituzte mahai gainean. Galdera eta erreguen txandan ere landu dituzte pare bat gai.

2021eko ekainaren 10ean, ekainaren 25ean, uztailaren 8an eta irailaren 9an ospatutako akten onarpenarekin hasi dute saioa. Inongo alderdik ez du eztabaidarako hitza hartu nahi izan, eta bozketa egin dute zuzenean. Aho batez onartu dute. 

Orain arte egindako kredituak aldatzeko espedienteen kontu emateaz aritu dira gero. Agustin Valdivia alkateak jakinarazi du gaiari dagokion batzordean eman zietela gaiaren berri udal alderdi guztiei, eta gai ordenako hirugarren puntuari eutsi dio. Udaleko ondasun eta eskubideen 2020ko inbentarioan egindako aldakuntzen onarpenaz hitz egin dute. Kasu horretan ere inongo alderdik ez du hitza hartzeko eskaerarik egin, eta bozketa egin dute. Aho batez onartuta geratu da. 

Beterri-Buruntza Mankomunitatea-ren estatutuen proiektuaren behin betiko onarpena ekarri dute laugarren puntuan, eta hori ere zuzenean bozkatu eta aho batez onartu dute. 

Bosgarren gaiak ekarri du desadostasuna 

Laugarren gaiari jarraiki, mankomunitate horretako Batzar Nagusirako edo gobernu kolegiatuaren organorako ordezkarien izendapena egin dute. Mankomunitate horrek Lasarte-Oriako udaleko bi ordezkari dituela jakinaraztearekin batera, proposatu du Nuria Fernandez (Sozioekonomia batzordeburua) eta Jon Antxordoki (Euskara batzordeburua) izaten foro horretarako batzordekide izatea. Inork ez du eztabaida ireki nahi izan, eta bozketa egin dute. Desadostasuna agertu da lehenengoz: PSE-EEk eta EAJk aldeko bozka eman dute (11 guztira) eta EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemosek, berriz, abstentzioaren alde egin dute (sei guztira). Hori kontutan hartuta, aurrera egin du proposamenak.

Taxiaren 2022ko ekitaldirako hiri tarifen onartzeaz aritu dira jarraian, eta aho batez adostu eta gero, zazpigarren puntura pasa dira. Gaia aurkeztu aurretik, presazko adierazpena egin dute. Parke, lorategi, berdegune eta zuhaitzak kontserbatzeko eta mantentzeko kontratua esleitzeaz mintzatu dira, Alderdi guztiek onartu dute gaia saioan lantzea, eta bozketa, aldiz, ez dute bat egin. PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak eskaeraren alde agertu dira (hamahiru bozka). EH Bildu, aldiz, abstenitu egin da (lau bozka).

Abstentzioaren zergatia azaltzeko hartu du hitza Jon Martinek, EH Bilduko ordezkariak. Esan du uztaileko udalbatzarrera, Añarbeko Behe Kanala egiteko esleipenaren gaia ekarri zenean,  posizio bera hartu zutela: "Udal zerbitzuak publiko egiteko bidean urratsak eman behar direla uste dugu; hau bera esan genuen uztaileko saioan". 

Añarbeko Mankomunitatearen mozio bat, azken unean

Gai ordenan aurreikusi gabeko mozio bat ekarri du alkateak galdera eta erreguen tartea zabaldu aurretik; Añarbeko Mankomunitatearena. Azaldu du, udalbatzarrerako gai ordena prestatzerakoan ahaztu egin zitzaiola zerrendan gehitzea. Horregatik, horren inguruan hitz egiteko urgentzia bozkatu behar izan dute lehenik. Ados agertu dira alderdi guztiak, eta mozioa aurkeztu du Valdiviak. 

Añarberentzat "ezinbestekoa" da Beheko Kanalaren Alternatiba izeneko azpiegitura, azaldu dutenez, hamar udalerrietako 300.000 biztanleri baino gehiagori ur hornidura ziurtatzeko; tartean Lasarte-Oriari. 

Azaldu dute 24 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dela, eta 2010ean "Estatuaren lnteres Orokor" izendatu zutela. Ondorioz, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak finantzatu eta gauzatu behar duela, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bidez.

Azken urteotan obrak hasi ahal izateko erakunde ezberdinek hainbat gestio egin dituzten arren, lanak oraindik lizitatu gabe daudela jakinarazi dute, eta, ondorioz, egungo Behe Kanalak -Añarbeko urtegitik Petritegiko edateko uren tratamendu estaziora ura etengabe garraiatzen duenak- ondorio larriren bat izateko arriskua duela: "Gaur egungo hodiaren antzinatasunak -Beheko Kanala 1960an eraiki zen- eta ura garraiatzeko bigarren kanalik ez dagoen bitartean hura konpontzeko ezintasunak are premiazkoagoa egiten dute azpiegitura alternatibo hori eraikitzea". Hori egin ezean, aurrez aipatutako 300.000 gipuzkoar baino gehiagorentzako ur­ hornidura arriskuan egongo litzateke. 

Horregatik, honako eskaera egin diote Lasarte-Oriako osoko bilkurari: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari lehenbailehen galdegitea, egin ditzala Añarbeko Behe Kanalaren Alternatibako lanak, bai 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartuta, bai eskura duen beste edozein finantzaketa sistema bidez. Aho batez aurrera egin du mozioak. 

Erregu eta galdera bana

Bilkura amaitu aurreko tartea zabaldu eta Jon Antxordokik, EAJko bozeramaileak hartu du hitza. Erregu bat egin dio udal gobernu taldeari. Jakinarazi du herrian 36 etxebizitza "zabor-bilketarik gabe" geratu direla, eta egoera hori bizitzen ari direnentzat, berehalako irtenbide bat eskatu du. David Mateos, Zerbitzuetako batzordeburuak erantzun dio. Arazo hori duten bizilagunentzat, zaborrak biltzeko puntuak jartzeko asmoa dutela aurrera dio. 

Uxue Loinaz, EH Bilduko ordezkariaren txanda izan da gero. Kontatu du urriko Gizarte Zerbitzuetako batzordean, Saharako haurren proiekturako diru laguntzak hilabeteko ohiko udalbatzarrera emango zirela adostu zutela. Gai ordenan ez da gai hori aurreikusi eta horren zergatiaz galdetu du.

Alkateak erantzun dio. Jakinaarazi du gai ordenan gehitzeko gaia jaso zuela, baina interbentzioko txostenik ez zegoenez, kanpo uztea erabaki zuela. 

Ordu erdi eskaseko iraupena izan du urriko ohiko osoko bilkurak.