Solaskide egitasmoan izena emateko epea martxan dago

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 15a, 09:00
Ezker-eskuin, udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki eta Ttakuneko Kultura arduradun Xabier Matxain, herritar bati azalpenak ematen, Mintzatonbolan.

Lasarte-Oriako Udalak, herriko euskaltegiek (Udal Euskaltegiak eta Muntteri AEK-k) eta Ttakun Kultur Elkarteak euskaraz aritzeko guneak eskaini nahi dizkie lasarteoriatarrei, eta horretarako, Solaskide egitasmoa antolatu dute aurten ere. Izena emateko lehen deialdia urrian izaten denez, martxan da honezkero. Programa zertan den erakutsi eta tarte atsegin bat igarotze aldera, Mintzatonbola ekarri dute herrira, Okendo plazara zehazki. Postura bertaratu diren herritarrek sari ederrak eskuratu dituzte, asteburua landetxe batean igarotzea kasu.

Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik eta Ttakuneko Kultura arduradun Xabier Matxainek egin diete harrera tonbolan parte hartu duten herritarrei. Egitasmoa zertan den azaldu diete, eta gurutzegrama betetzeko pistaren bat edo beste eman. 17:00etatik 19:00etara dezente izan dira Okendo plazako postura bertaratu direnak.

Komunitatea, elkarrekin eta euskaraz

Antxordokik adierazi du hogei urtetik gora direla Lasarte-Oriako Udalak egitasmo hau sustatzen duela eta gaur egun ere zentzu bete-betekoa duela euskaraz aritzeko ohitura eta gaitasun gehiago duten bizilagunak, gaitasun eta ohitura gutxiago dutenekin harremanetan jarriz elkarrekin bizitzea. “Izan ere, elkarrekiko jardun horrek laguntzen baikaitu komunitatea egiten eta bizilagun izaten”.

Horrexegatik, dei egin die euskaraz aritzeko joera dutenei, zein hori lortu nahi dutenei, Solaskiden izena eman dezaten eta aukera honetaz balia daitezen. 

Maiztasuna eta ekintzak

Solaskideak astero elkartu ohi dira taldearekin, Matxainek azaldu duenez. “Normalean kafe baten bueltan biltzen dira, baina bestelako jarduerak ere egin ditzakete elkarrekin”. Bidenabar, noizean behin ekintza osagarrietan (txangoetan, esate baterako) ere har dezakete parte. “Euskara bizi eta erabili nahi izatekotan, ez izan zalantzarik, eta eman izena!”. Interesa dutenek kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatz dezakete, edo 695 78 53 89 zenbakira deitu.

Egitasmoari buruzko informazio gehiago, hemen.