Eskualdeko landa ingurunea ezagutarazteko, Buruntzaldeako XIII. Ibilbideen Eguna egingo dute igandean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 13a, 15:06
2019an egin zuten azkenekoz Buruntzaldeko ibilbideen eguna.

Aurreko urteko etenaren ondoren, bueltan da Buruntzaldeako Ibilbideak izeneko egitasmoa. Helburua da eskualdea eta landa ingurunea ezagutzera ematea, lehiatzeko ez den eta edozeinentzat egokia den jarduera fisikoaren bidez. Parte hartzaileek bost ibilbide izango dituzte aukeran igande honetan, hilak 17. Ordutegia 08:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da.

Hauek dira egin daitezkeen ibilbideak:

  • Lasarte-Orian hasi eta Urnietan bukatu. Ia lau kilometro ditu luze, oinez edo bizikletaz egin daiteke. Koloreak: urre zaharra eta berdea.
  • Lasarte-Oria, Usurbil eta Aginaga. Bederatzi kilometroko luzera du eta oinez edo bizikletaz egin daiteke. Koloreak: urre zaharra eta laranja.
  • Andoain-Lasarte-Oria. Ia zortzi kilometroko luzera du, oinez egin behar da eta mendiko oinetakoak behar dira, Buruntza mendian gailurra egin behar delako edo zeharkatu, bakoitzak nahiago duenaren arabera. Koloreak: urre zaharra eta urdina.
  • Andoain-Urnieta. 4,8 kilometro ditu luze eta oinez edo bizikletaz egin daiteke. Koloreak: urdina eta berdea.
  • Andoain-Usurbil (Andatzatik barrena). Ia hamabost kilometroko luzera du eta mendiko oinetakoak eraman behar dira. Oinez burutu daiteke soilik. Koloreak: urdina eta laranja.

Eskualdeko udalek nabarmendu dutenez, "interesgarriak" diren toki ugari ikusi ahalko dituzte parte hartzaileek ibilbide horietan guztietan: baserriak, baselizak, basoak, natura... Herri horietako bakoitzean informazio panelak topatuko dituzte: trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzte. Udalerri bakoitzaren identifikazio koloreak izango dituzte. Lasarte-Oriarena urre zaharra da; Urnietarena, berdea; Usurbilena, laranja; eta Andoainena, urdina.

Aipatutako herrietan anoa postuak jarriko dituzte, bakoitzean bat: Lasarte-Oriakoa, Elizatze plazan; Urnietakoa, herriko enparantzan; Usurbilen, Santueneako bidegurutzean (Aginaga auzokoa, Mapil baserriaren alboan); eta Andoainen, herriko plazan. 

Autobus zerbitzua martxan

Antolatzaileek jakinarazi dute autobus zerbitzu berezia jarriko dutela igandean. 12:00etan aterako da lehenengoa Aginagako Ezpaldi gasolindegitik, eta azkena, bi ordu beranduago. Ibilbide hau egingo du ibilgailuak: Aginaga (Ezpaldi gasolindegia), Usurbil (San Ignazio biribilgunea), Lasarte-Oria (Tajamar biribilgunea), Andoain (Goikoplaza atzealdea) eta Urnieta (Kiosko geltokia).

Bestalde, Navi Ruta aplikazioa deskargatzea gomendatu dute, horrek parte hartzaileei lagun diezaiekeelakoan. "Telefono mugikorrentzat egokia da, eta horren bidez ibilbideetako edozein egiterakoan sistemak modu jarraituan emango du informazioa; jarraitu beharreko norabidea, esate baterako". Aplikazioa deskargatzerakoan, informazio paneletako QR kodeak eskaneatu beharko dituzte, edo herri bakoitzari dagokion gakoa sartu:

  • Lasarte-Oriaren kasuan, 123
  • Urnietaren kasuan, 124
  • Andoainen kasuan, 125
  • Usurbilen kasuan, 126