Argazki bilketa abian jarri du Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 10a, 11:53

Ibilian-ibialian etxerako bidean kanpaina bukatzeko manifestazio orokorra antolatu du Sare Herritarrak urriaren 23an, larunbata, Donostian. Salbuespen legediarekin amaitu eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapa hasten ari direla aldarrikatuko dute ekintza horrekin eta lasarteoriatarrei parte hartzera deia zabaldu diete.  

Bi aldarri nagusiren inguruan ari da lanean Sare: "euskal preso guztien Euskal Herriratzea eta graduen progresioa". Horiek erdiesteko herritarren bultzada "ezibestekoa da" eta Lasarte-Orian bide horretan jarraituko dute zenbait ekimenekin. 

Maiatzean hasi eta herriz  herri martxan izan den dinamikaren amaiera izango da hilaren 23ko manifestazioa. Antiguatik abiatuko dira, 17:00etan. Mobilizaziora deia zabaltzeko, Denbora badoa... presoak etxera! argazki bilketa abian jarri dute. Erloju bat eskuan norberak bere buruari argazkia egin eta  lasartekosare@gmail.com edo sareko kide bati WhatsAppez helaraztea eskatu diete herritarrei. Bildutako argazkiekin bideo eta argazki mosaiko bana osatuko dute.

Halaber, datorren ostiralean, hilak 15, aterako duten talde argazkian parte hartzera deitu dituzte lasarteoriatarrak. Okendo plazan egingo dute, 19:00etan.