Udal gobernuaren "anbizio falta" gaitzetsi du Lasarte-Oriako PPk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 10a, 10:51

Hedabideetara bidalitako idatzi batean jaso ditu alderdiak udal gobernuak irailean hartutako bi erabakiren inguruko iritzia: Michelin II eremuko antolamendu plan bereziaren proiektua eta Teresategiko lan hitzarmena.

Alejandro Saenz Lasarte-Oriako bozeramailearen ustez, biak ala biak "anbizio eskaseko" egitasmoak dira, eta agerian uzten dute udal kudeaketaren "identitate falta" eta haren "epe motzerako joera" betikotzen dute.

Michelin II-ren kasuan,  merkataritza-gune bat, tailer mekaniko bat, hotel bat eta gasolindegi bat barne hartuko duen eremu bat proiektatu dute,  eta horrek ez die, Saenzen iritziz,  "herriaren errealitateari eta beharrei erantzuten". Batetik, azalera handiko beste lau gune baitaude -hiru, herriko sarbideetan eta Urbil-, eta bestetik, herriak jada badituen zerbitzuak direlako. Hortaz, "galdutako garapen aukera" izateaz gain, bai merkatari txikientzako bai enpresa txiki eta ertainentzako "albiste txarra" dela uste du PPk.

Teresategiri dagokionez, berriz, Saenzen ustez, udal gobernu taldeak "apurrekin" arindu nahi du Leroy Merlinen ezartzeak herriko saltoki txikiei eta gainerako gizarte eragileein eragindako "haserrea". Izan ere, sinatutako lan hitzarmenean langabezian dauden, gutxienez, 50 lasarteoriatar bost urtez kontratatuta edukitzeko konpromisoa hartu badu ere enpresak, Saenzen arabera, horrek ez du hura behartzen bost urteko kontratu hori jarraian betetzera. "Laburbilduz, lasarteoriatarrentzat inolako egonkortasunik eta jarraipen bermaturik gabeko bost urteko kontratua, gure herrian %9 baino gehiagoko langabezia izanik, hau da, 800 pertsona baino gehiago", adieraziz amaitu du idatzia.