Txapa eta ipuin artean pasatu dute goiza

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 9a, 16:40

Udako etenaren ondoren, bueltan dira auzoetako jarduerak. Larunbat goizean bitan parte hartzeko aukera izan dute herriko haurrek: txapa tailerra eta ipuin kontalaria. 

Zubia tarteko, kaleetan jende gutxiago bazebilen ere, Lasarte-Oriako Udalak antolatutako auzoetako tailerretan parte hartu dutenen kopurua beste batzuetan baino altuagoa izan da. 

11:00etan hasita, Jaizkibel plazako karpan txapak egiten aritu dira haurrak. Paperezko biribilak koloreztatu edota irudiak margotu ondoren, guraizeekin moztu, eta makinan sartu dituzte partaideek. Indarrez eragin, eta berehala prest zituzten norberak egindako diseinuak, soinean edo poltsan eramateko. Batzuek,  sorta polita osatu dute, gainera.

Ordubete geroago, Zumaburuko Isla plazan istorio harrigarriak entzuteko aukera izan dute dozena bat umek. Lur Usabiaga ipuin kontalariak, esaterako, etxe bat behar zuen barraskiloaren gorabeherak kontatu dizkie eta txikiek ahal bezala lagundu diote zenbait aukera proposatuta. 

Auzoetako ikastaroen bigarren txandako lehen saioa izan da. Datorren asteburuan, hilak 16, beste bi ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute: azazkal tailerra, Zabaleta auzoan, eta ipuin kontalaria, Atsobakar auzoan.