Denboraldi berri bati ekin dio Okendo Zinema Taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 8a, 21:59

Bolada berria hasteko Nora euskal filma aukeratu dute. Lara Izagirre filmaren zuzendariak parte hartu du saioan, proiekzioaren aurretik zenbait azalpen eman dizkie bertaratutakoei. 

2020an estreinatu eta Donostiako Zinemaldian harrera ona izan bazuen ere, oraintsu arte ez da zinema aretoetara heldu. Zehazki, zazpigarren astea urratuko du Euskal Herrian egindako road trip honek. Proiektuaz eta filmak egin duen bideaz zenbait zertzelada eman dizkie Lara Izagirre zinemagileak Noraren istorioa ikusi aurretik. 

Izagirreren bigarren filma da hau. Lehena, Un otoño sin Berlin izan zen, eta Nora hari erantzuna dela azaldu du. "Oso udazkeneko pelikula zen, barrura begiratzekoa eta ia osorik etxe barru batean grabatua, gaztaniaz". Sei urteko lanaren emaitza den bigarren honetarako aldaketa nahi zuen. Euskaraz errodatu du, ia osorik kalean grabatu dute eta energia "arinagoa" du, “komediatik gertuagokoa".

Filmak 30 urteko Nora du protagonista. Nicolas aitona argentinarrarekin bizi da eta Meri lagunaren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriako aldizkarian horoskopoa idazten badu ere, bidaia idazle izatearekin amesten du. Aitona hiltzean, Dyane 6 zahar bat jasoko du herentzian eta road trip bati ekingo dio Euskal Herriko kostaldean barrena, Nicolasen errautsak amonarenen ondora eramateko. Izagirrek adierazi duenez, bere "aitite-amamari omenaldia" da eta galdera bat helarazi nahi die ikusleei, norberak erantzun dezan: “Non gaude? Nahi dugun tokian al gaude? Hala ez bada, zer egingo dugu?”

Aurrekoaren aldean, beste moduko pelikula izan da eta bere bidea ere "oso bestelako" izan da. Erabaki zuten 2021ean estreinatuko zutela, Zinemaldian iritzi oso onak jaso zituen eta gerora "beldurra sartu" zitzaien hamabi hilabetetan gorde zutelako. Tarte horretan zenbait gauza egin dituzte, interesa mantentzeko: Izaro Andres-ek abesti bat konposatu du filmerako, Marina Palacio-k gidatutako bideoklip bat grabatu, eta EAEko aurrestreinaldia auto-zinema batean egin zuten, hala, filma kotxeetatik ikusi eta solasaldia irratien bidez egin zuten. 

Okendo Zinema Taldeak hilaren 22an, ostirala, egingo dute bigarren saioa. Orduan, First cow filma ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.