Mende erdi elkarrekin igaro izana gogotik ospatu dute Biyak Bat egoitzako bazkideek

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko urr. 8a, 19:21

Biyak Bat egoitzako kideek gogotik ospatu dute zenbait bazkidek urrezko ezteiak bete izana: meza egin dute Ama Brigitarren komentuan, oroigarri ederrak jaso dituzte, eta bapo bazkaldu dute. 

Ez utzi inoiz irribarre egiteari. Horrela dio Biyak Bat egoitzako tabernako afixa batek. Pandemia tarteko, zailagoa izan da hori guztiontzat azken urte eta erdian, baina ez gaur: elkar ikusteko, ospatzeko eta gozatzeko eguna izan da ostirala Biyak Bat egoitzako kideentzat. Bazkide diren zenbaitek 50 urte daramatzate ezkonduta. 

Protagonistak kalejiran joan dira Ama Brigitarren komentura, 12:00etako meza entzutera. Felix Garitanok gidatu du elizkizuna. Atera direnean, talde argazkia atera dute. Komeriak izan dituzte kazetariak irudia behar bezala enkoadratzeko, 2021ean urrezko ezteiak egin dituztenak ez ezik, iazkoak zituztelako ondoan. Musukoak jantzita eramanda ere, harridura keinuak nabaritu zaizkie askori, horrenbeste argazkilari aurrean ikusi dituztenean. "Atera gaitzazue ondo!", abisatu dute. Kazetariaren uste apalean, hala gertatu da, baina bestela, ez da izan herritarrak dotore-dotore jantzita joan ez direlako. 

Oroigarriak eta bazkaria

"Ezkondu zaretenetik 50 urte igaro izana eta oraindik elkarrekin jarraitzea ospatu beharra dago. Berriz ilusionatzeko unea da, alboan duzuenari begiratzekoa eta zenbait maite duzuen esatekoa. Zorionak denoi, eta gozatu gaurko egunaz", adierazi du Biyak Bateko lehendakariorde Adela Mansok, hunkituta. Hitzartzea amaitu duenean, txalo zaparrada ozena entzun du, eta Agustin Valdivia alkateak hartu du mikrofonoa. "Gaur nire aurrean zaudeten asko txikia nintzenetik ezagutzen zaituztet, nire ikaskideen eta lagunen gurasoak zarete, eta hemen gaude gaur, urtemuga oso berezi bat ospatzen. Zorionak eta ondo pasa". 

Oroigarriak banatzeaz arduratu dira alkatea bera, Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta Biyak Bat elkarteko zuzendaritzako kide Mari Jose Gonzalo eta Rosa Macazaga. Hedabideetako kazetariez gain, Exiquio Perez lehendakaria ere lehen lerroan zebilen, bideo kamera eskuan. Ekitaldia amaitu denean, beste argazki bat ateratzeko unea zela erabaki dute bertaratutakoek, eta Arantzazuko Ama parrokiara joan dira. Eskaileretan jarri dira, eta argazkilarientzat errazagoa izan da enkoadratzea. Bi argazki dituzte aukeran protagonistek; gustatuko ote zaie baten bat behintzat!

Argazkia beharbada ez, baina bazkaria bai, hori gustuko izan dute. Hauxe izan da menua: hestebeteak, patea, olagarro eta ganben entsalada, bakailaoa piperrekin eta txerri masaila saltsan. Errematatzeko, tarta eta banilla izozkia. Sabelak ongi beteta, abesten eta kontu-kontari egin dute digestioa.