Inge Mendioroz: "Ikuspuntu berri batetik egindako begirada da"

Maitane Aldanondo 2021ko urr. 8a, 00:00

Txoria txori abestian oinarritutako bideo pieza bat ardatz hartuta, erakusketa osatu du artista talde batek. Lasarte-Orian bizi den sortzaileak zuzendu du ikus-entzunezkoa.

Mikel Laboak Joxean Artzeren hitzei ahotsa jarri, musikaz jantzi, eta kanta moduan aireratu zituenetik Txoria txori pertsona andanaren bizitzaren parte da, askotariko bizipenen soinu banda, eta esanahi propio guztiez harago, askatasunaren ereserki. Ideia horiei tiraka joan-etorri berezi bat osatu dute zenbait diziplinetako artistek, artean, Lasarte-Orian hogei urte baino gehiago daramatzan Inge Mendioroz andoaindarra. "Kantari omenaldia da, sortzaile batzuek urte askoren ondoren ikuspuntu berri batetik egindako begirada", laburbildu du Behirada bideoak-eko arduradunak.

Barrua eta kanpoa, sorlekua eta atzerria, iluntasuna eta argia, joanaldia eta itzulera. Lau minutu eta erdi eskaseko bidaia da, dantzaren bidez egina, eta ikus-entzuneko batean jasoa; baina oinarriko abestia bezala, asmoa muga horietatik kanpo hazi da. Nagore Legarreta argazkilariak prozesua iruditan bildu du eta Ramon Garcia Zabalegik jantziak prestatu ditu. Hori horrela, elementu horiekin guztiekin instalazio bat atondu dute Donostiako Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi erakusketa aretoan. Bertan egongo da ostegunera arte, hilak 14; sarrera doakoa da. Egitasmoa UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak sustatu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du.

Dikotomia dantza

Artzeren hitzek eta Laboaren doinuek harrera egiten diete aretoaren bisitariei. Bi dantzariak ageri dira proiekzioan, elkarren alboan dantzan. "Barrukoa eta kanpokoa lotu ditugu. Hasieran oso barruan sartuta dago, kanporantz irteten doa eta azkenean etxera itzultzen da", azaldu du Mendiorozek. Bidaiari, beraz, eraikin barruan ekingo dio Iker Murillok, beltzez jantzita eta txapela buruan, Laboaren iruditegia erakusten duen itxura du, Euskal Herriari lotutakoa. Vitali Safronkine koreografoa atzean utzi, eta atzerria irudikatzen duen Leitzarango basoko zuhaitzen artean ageriko da dantzan, soka zuri fin batekin egindako txalekoa soinean; alegia, bere hegalak. Eta handik, aretora bueltan, kiribil eskaileran behera, zikloa itxiko du; zerua eta itsasoa aurrez aurre dituen leihotik begira dagoen kidearekin elkartuz.

"Lantaldearen lana da, diziplina artekoa, eta hau lan desberdinak ikusteko modu bat"

Alboko hormetako batean zintzilik daude Legarretaren argazkiak, bi grabaketa egunetan ateratakoak eta beste hainbeste saiotan dantzariei egindakoak. Bertan daude ere, Garcia Zabalegik diseinatutako garrantzia estetiko handiko jantziak. Haiek ere erakusteko gogotik jaio zen bilduma. "Grabaketaren ondoren lan hori guztia ikusita pentsatu genuen pena litzatekeela bideo pieza batean bakarrik gelditzea. Lantaldearen lana da, diziplina artekoa, eta hau lan desberdinak ikusteko modu bat", zehaztu du lasarteoriatarrak.

Orokorretik zehatzera

Paradoxikoa badirudi ere, egitasmoak itxialdian hasi zuen bere bidea. Iturburu du Murillori egindako elkarrizketa bat. Betetzeko gelditzen zitzaion amets bati buruz galdetuta, Txoria txori-n oinarrituta, Safronkinek sortutako pieza bat dantzatzea gustatuko litzaiokeela erantzun zuen pasaitarrak. Eskatu eta eman: Katedrak beka eskaini zion nahia egikaritu zezan. Dantza, ordea, ikus-entzuneko batean jaso behar zuten eta Mendiorozi eskaini zioten hura zuzentzea. Haritz Arrizabalaga izan du argazki zuzendari eta Legarreta proiektura batu zuen.

Zuzendariak zenbait ideia bazituen ere, "atzean" zegoen istorioaz galdetu zien. Izan ere, "Txoria txori izan daiteke oso ideia orokorra, askatasunarena, baina, era berean, gauza oso zehatz batera eraman dezakezu", argitu du. Safronkinek Murilloren bizitza islatu nahi izan du: beste askok bezala, pasaitarrak sorterritik urrun hezi, eta garatu behar izan du bere ibilbide profesionala; txori bilakatzeko atzerrira joan eta hegalak hazi behar izan ditu. Hala ere, beti izan du kabira, Euskal Herrira, bueltatzeko grina.

Mugak, lagun

Ideia horiei guztiei bereak lotu zizkien Mendiorozek kontakizun horretan oinarritutako lana prestatzeko. Argi zuen basoa, itsasoa eta zerua lotu nahi zituela, eta horiek zituzten lekuen bila ari zela Akelarre hotela agertu zitzaion. Kanpoaldean itsasoari begira duen terrazak herritarra txundituta utzi bazuen, barrualdeko aretoetako baten itxurak berretsi zion bilatzen zuen tokia hura zela. Izan ere, Jorge Oteiza eskultorearen estetikaren ukituak baititu.

"Izan daiteke oso ideia orokorra, askatasunarena, baina, era berean, gauza oso zehatza"

Dantzariak ikuspegiarekin bat etorri ziren, grabatzeko baimena lortzea ia ezinezkotzat jo arren. Zorionez, ez zen hala izan, ordea; nahiz eta horretarako datak adostea izan zen gehien kostatu zitzaiena. "Hoteleko zuzendari Oihana Subijanari berehala gustatu zitzaion proiektua eta Pedro grabaketa egunean agurtzera etorri zen. Mikel ezagutu zuela eta Txoria txori bere abesti gustukoena zela kontatu zigun. Etxean bezala egon ginen", gogoratu du Mendiorozek.

Pandemiaren mugek lagundu zieten, hotela itxita baitzegoen; baina zuzendariaren nahiak pixka bat zapuztu zituen ere. "Nagorek argazki oso esperimentalak egiten ditu, abstraktuak… Nire ideia hortik zihoan, baina horiek egiteko iluntasuna behar zuen". Uda izanik eta etxeratze ordua 21:00etan, ezinezkoa zen. Hori beharrean irudi "dokumentalagoak" egin ditu Legorretak, lan honek argazki klasikoagoa eskatzen ziolako.