Auzoetako jaiak antolatzek akordioak sinatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 7a, 12:26

Zabaleta eta Sasoeta auzoetako ospakizunak diruz lagunduko ditu udalak 2022an eta 2023an.

Osasun krisiak eten egin zituen Lasarte-Oriako auzoetako jai eta ospakizunak. Badirudi, ordea, bueltan izango direla datorren urtean. Horren seinale dira udalak Sasoeta Sasoian eta Zabaleta Auzolan elkartearekin sinatu dituen lankidetza akordioak. Hiru urterako hitzarmenak izango dira, eta horien bitartez, udalak auzo horietan antolatuko dituzten zenbait jarduera diruz babestuko ditu.

Sasoeta Sasoianen kasuan, 2021ean ez du diru-laguntzarik jasoko. COVID-19ak eragindako egoera medio, aurten oraindik ospakizunik ez egitea erabaki baitute. 2022an, berriz, 3.1445 euro jasoko ditu udaletik, eta 2023an, aldiz, 3.190. Laguntza ekonomiko horrek honako jarduera hauek babestuko ditu, besteak beste: urrian egingo dituzten festetako txupinazoa eta txaranga, kontzertuak, zezen suzkoa, puzgarriak, sardina jatea eta danborrada. Angel Lopez auzo elkarteko lehendakaria arduratu da dokumentuak sinatzeaz.

Zabaleta Auzolanenen akordioa, antzeko. Elkarte horrek aurten ere ez du jairik antolatu, baina datorren urtean, 2022an, eta hurrengoan, 2023an, bai. Maiatzaren 28tik ekainaren 2ra izango dira jaiak, eta egitasmo ugari aurreikusi dituzte dagoeneko, hala nola, haurrentzako jolasak, elektrotxaranga, auzo afaria, erromeria, bertsolariak eta musika emanaldiak. Udalak 3.145 eurorekin lagunduko du datorren urteko egitaraua, eta 3.190 eurorekin 2023koa. 
Goizane Lopez auzo elkarteko lehendakari berriak sinatu du lankidetza akordioa.