Junior Errendimendu taldeak ederki hasi du denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 7a, 12:30
Partida amaitzean, taldeak elkarri agurtzen. Arg.: Angel Ayastuy

Bitik bi. Ostadar Saskibaloia saileko Junior Errendimendu taldeak bi jardunaldi jokatu eta bi partidak irabazi ditu. Denboraldiko bigarren jardunaldiko neurketa jokatu zuen, Maialen Chourraut kiroldegian. Talde urdin-beltzak Mondragon Unibertsitatea Ointxe taldearen aurka neurtu zituen indarrak eta Endika Marrahik zuzentzen duen taldea garaile izan zen, 57-43

Lehenengo laurdenean, etxeko taldeak ezarri zuen erritmoa. Baloia mugitu, aukerak bilatu, eta sarrerak eginez, saskiratze erosoak egin zituzten. Arrasateko taldeak ere aukera ugari izan zituen saski azpian, baina ez zuen jokaldia amaitzen jakin.

Aurkariak kanpoko jaurtiketetan fin ibili arren, Ostadarreko taldeak bere jokoarekin jarraitu zuen bigarren laurdenean. Ondorioz, markagailuan 15 puntuko aldea ireki zuten Junior Errendimendu taldeko kideek. 

Atsedenaldiaren ostean, zailtasunak izan zituen etxeko taldeak. Baloi asko galdu zituen Ostadarrek eta hiru puntu bakarrik lortu zituen. Mondragon Unibertsitatea Ointxek, ordea, bere izaera erakutsi zuen. Hiru puntuko bi jaurtiketa eta hiru baloi lapurreta sakiratze bihurtuz bi puntutara jartzea lortu zuten Arrasateko taldeak.

Etxeko taldeak ez zuen amore eman eta indartsu hasi zuen azken laurdena. Erasoa ongi kudeatu eta abantaila hartu zuten berriro ere; Arrasateko jokalariek ezin izan zuten ezer egin. 11 puntuko aldea izan zen partzialean eta horri esker, Junior Errendimendu taldeak denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen.