Nagusi izan arren, Eguzki esku hutsik geratu da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 6a, 13:00
Antiguokoren aurka nagusi izan arren, Eguzkik ez zuen punturik eskuratu.

Urtebeteko etenaldiaren ostean, Eguzki Areto Futboleko senior taldeak lehian dira. Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak Maialen Chourraut kiroldegian ekin zion denboraldi berriari; Donostiako Antiguoko izan zuen aurrez aurre. Jokoan nagusi izan arren, partidak ihes egin zion etxeko taldeari, 2-3

Ongi hasi zuen partida Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak. 2-0 aurreratu zen, baina Eguzkiko jokalariek arreta bitan galdu eta Antiguokok partida berdindu zuen. 

"Horrek zalantzak sortu zizkigun. Atsedenaldiaren ostean, jokoa aldatu eta nagusi izan ginen; zortea ez genuen, ordea, lagun izan" adierazi du Eguzkiko entrenatzaile berri Josu Lopez-ek 

Partidako azken minutuetan, Eguzkiko jokalari bat kanporatu zuten eta hortaz baliatuz aurkariak garaipeneko gola egin zuen. 

Berrikuntzak eta zalantzak

Taldeak hainbat aldaketa izan ditu horien artean entrenatzailea. Egun Josu Lopez jokalari ohia da prestatzailea eta Mikel Escribano izango du laguntzaile. 

Bost jokalari berri ere izango ditu taldeak. "Jokalari garrantzitsuak galdu ditugu eta taldea indartu behar genuen. Bost fitxatze egitea lortu genuen eta pozarren gaude, taldeari asko lagunduko diotela uste dugu," adierazi du Eguzkiko entrenatzaile Lopezek.

Prestatzaileak denboraldi aurrea zalantzaz beteta hasi zutela jakinarazi digu: "Urtebete egon da taldea entrenatu gabe eta ez genekien fisikoki taldea nola egongo zen".

Lehen entrenamenduan, ordea, kezka guztiak alde batera utzi zituela onartu du: "Jokalariak sasoian mantendu dira. Hala ere, ohiko denboraldi aurreak baino prestaketa luzeagoa egin dugu lehen partidara fisikoki ongi iristeko".

Entrenamenduez gain, hiru lagunarteko ere jokatu dituzte. Herrikide izan zen lehena; launa berdindu zuten. Bigarren aurkaria Oiartzun izan zen eta 4-3 galdu zuen Lopezen taldeak. Azkenik, aurten maila federatura jauzi egin duen Kutxa taldearen aurka jokatu zuen. "Nahiz eta 3. mailan egon, Talde sendoa dute eta 3-2 gailendu ginen," aipatu du Eguzkiko entrenatzaileak.

Taldean ustea izan

1. Mailako taldeak gogo biziz ekin dio denboraldiari.  "Jokalariek urtebete daramate lehiatu gabe eta gauzak ongi egiteko gogo handia dute. Partidak irabazi eta jokatzen gozatzeko gogoa dute," azpimarratu du.

Taldearen egoera eta gogoak kontuan izanik, denboraldia lehen lauren artean amaitzea du helburu Eguzkiko entrenatzaileak: "Zaila da baina taldearengan uste osoa dut. Bide onean goaz eta kalitate handiko taldea dugu. Gazteak izan arren esperientzia dute eta ziur xedea lortzen dugula."

Hasiera lanpetua du taldeak, gainera. Gaur, Urriaren 6a, bigarren jardunaldiko hitzordua jokatuko du. Herrikide izango du aurrez aurre.

"Denboraldi aurreko aurkari izan genuen eta partida zaila izango da. Talde indartsua da eta defentsatik erasora azkar igarotzen dena," nabamendu du Eguzkiko prestatzaileak.

Garaipena
Alaitasunerako tartea ere izan zuen Eguzki Areto Futbol taldeak lehen jardunaldian. 2. Mailako Eguzki ISU Leihoak taldeak Eskoriatzaren aurka jokatu eta garaipena erdietsi zuen, 0-4.  Horri esker, sailkapeneko bigarren postuan jarri da.

Lehen postuetan mantentzeko borrokatuko da senior mailako bigarren taldea. Aukera berria, urriaren 8an, ostiralerekin, izango du Maialen Chourraut kiroldegian; Gaur Logistika Lazkao izango du aurkari.

Horrez gain, urriaren 9an, larunbatearekin, Jubenil mailako Eguzki 2kn taldea batuko da lehiara. Etxean Aldapeta C taldearen aurka jokatuko du lehen hitzordua.