Arteaga II.ak ez du lau eta erdiko promozio txapelketa jokatuko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 5a, 13:00
Arteaga II.a, artxiboko irudian

Promozio mailako Lau eta Erdiko txapelketa urriaren 8an hasiko da, baina ez da Lasarte-Oriako ordezkaririk izango. Axier Arteaga ez da lehiarako sailkatu

Baiko enpresak Promozio mailako Lau eta Erdiko lehiaketako azken ordezkaria erabakitzeko Arteaga II.aren eta Jon Alberdi azpeitiarraren arteko partida antolatu zuen urriaren 1ean. Alberdi izan zen nagusi.

Hasieratik gailendu zen azpeitiarra. Sakearekin min handia egin zion Arteaga II.ari eta 12-0 jarri zen aurretik.

Lasarteoriatarrak ez zuen amore eman. Lehen atsedenaldiaren ostean, erasoari ekin zion. Ahalegina antzua izan zen, ordea. Alberdik lortu zuen txapelketarako txartela.

Seniorrak, sendo

Intza Kirol Elkarteko bikoteak Eskuz Binakako Txapelketan murgilduta daude. 

3. Mailako Nagusiak garaipen berria eskuratu eta eta bere lidergoa sendotu zuen. Nahiz eta Zumaiako bikotearen aurkako partida borrokatua espero, Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak serio jokatu eta 7-22 gailendu ziren.

Jubenil eta kadeteek bestelako zortea izan zuten. Haritza Diaz de Gereñu eta Pedro Elosegui jubenilek ezin izan zuten Tolosako bikotea garaitu, 22-7. Kadete mailan, Gaztelekuko bikoteak nagusitasunez 22-3 irabazi zion Beñat Olazabalek eta Xuban Urdalletak osatutako bikoteari.