Euriak eta lokatzak ez dituzte BTT probako partaideak kikildu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 3a, 16:24

Inoiz baino lagun gehiagok eman du izena X. Lurauto BTT Proban, zehazki, 650. Hala ere, denak ez dira irteeran izan, 523 partaidek egin baitute hiru ibilbideetakoren bat. Eguraldi kaskarra eguneko protagonista izan bada ere, ez die garrantzia kendu egiaz dutenei: txirrindulariei.

Gogoko bidean aldaparik ez dio atsotitzak, eta zalantzarik ez da gaurko Lurauto BTT proban parte hartzera ausartu direnek oso gustuko dituztela bizikleta eta mendia. Halabeharrez.  Akaso iazko hutsunearen ondorioz pilatutako gogoak eraman ditu Antonio Mercero gunearen ondoan zegoen irteerara. Goizeko 9:00etan gogotik egin duena euria izan da. Eta horrek lokatza esan nahi du mendiko bidean. Eta zenbat eta gehiago zapaldu, are gehiago. Mendira bidean irten direnean belarri zuloak ere zikinduko zituztela aurreratu du lehen pedalkadak ikustera joan direnetako batek. Aztia izateko beharrik gabe, agerikoa zen asmatuko zuela. Eta hala izan da, noski. 

Blai eginda irten, eta blai eginda bueltatu, baina urak kendu ez dien lokatzez ederki zikinduta. Askatasuna parkeko helmuga zeharkatzen lehenak ordubete eta erdi luze behar izan du ibilbide laburrena osatzeko; baina gehien-gehienak eguerdi partean iritsi dira. Zaletuak, senideak eta bestelakoak, azken metroetan eta zabalgunean jarri dira. Begira zeudenek eta iristen joan diren txirrindulariek une batzuetan oztopatu egin dute bidea. Hala ere, ez dute arazorik eragin. 

Indarberritu eta barrua berotzeko hamaiketakoa eman diete partaideei. Bizikletak garbitzeko, berriz, ibai etzean zenbait mahuka zituzten erabilgarri. Ura hotza bazegoen ere, gainean zeramaten lokatza kentzeko ere baliatu dute gehienek.

Hiru ibilbide zituzten aukeran: 26,4 kilometro eta 940 metroko desnibela; 34 kilometro eta 1.320 metroko desnibela, edo 46 kilometroko 1.855 metroko desnibelarekin.  Proba luzeena osatzen azkarrenak podiumera igo diren Ander Baraika, Jose Maria Pacheco eta Miki Pacheco izan dira, gizonezkoen kategorian; eta Laura Izquierdo, Ester Pelaez eta Lucia Cirikiain, emakumezkoenean. 

Lasarte-Oriako Udalak, Saiatuz TKT-k, Fly Gloup-ek eta MX Racing-ek antolatu dute kirol jarduera. Aurreratu dutenez, 2022ko apirilaren 10ean egingo dute XI. Lurauto BTT proba.