Bi antzezlan egingo dituzte bizikidetzari buruz hausnartzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021eko urriaren 2a

Lasarte-Oriako eta Andoaingo Bizikidetza Mahaiek antolatuta, Madrilgo Proyecto 43-2 konpainiak Rescoldos de paz y convivencia trilogiaren bi lan antzeztuko ditu, bat udalerri bakoitzean. Andoainen datorren ostegunean, eta Lasarte-Orian, hilaren 15ean.  

Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak aurkeztu dute egitasmoa ostiral eguerdian egindako agerraldian. Ondoan izan dituzte udal bakoitzeko beste ordezkari batzuk, Jon Antxordoki, Jon Martin eta David Ares, kasu. 

Bi udalek hainbat legegintzaldi daramatzate bi udalerrietan hainbat ekimenen bidez "bakea, elkarbizitza eta memoria inklusiboaren alde lanean", Baketik Fundazioaren bidelaguntzarekin. Bi udalek Elkarbizitza Mahai bana dute eta haietan udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartzen dute. Egitura hauen xedea bakea eraikitzeko eta indarkeriak kaltetutako bizikidetza berreraikitzeko akordioak lantzea da. 

Aurten, bi udalerrietako mahaiak elkartu dira bi antzezlanen emanaldia antolatzeko: Proyecto 43-2 eta Viaje al fin de la noche. María San Miguelek zuzendutako Proyecto 43-2 antzerki-konpainiaren Rescoldos de paz y convivencia trilogiaren parte dira. Trilogia minari, indarkeriari eta elkarrizketari buruzko ikerketa zorrotz baten emaitza artistikoa da. Elkartzen gaituzten edo besteengandik bereizten gaituzten gauzak gehiago ote diren galdera dauka ardatz.

  • Urriak 7, 19:00etan; Basteron: Konpainiari izena ematen dion Proyecto 43-2  trilogiaren lehen pieza antzeztuko dute. Abiapuntu du gizarte eta familia harremanetako indarkeria eta honek identitatearen garapenean duen eragina, minak markatutako bizipenetan oinarrituta. Sarrera doakoa da, gonbidapenak Basteroko lehiatilan eskuragarri daude.  

  • Urriak 15, 20:00etan; Manuel Lekuona Kultur Etxean: Viaje al fin de la noche obra oholtzaratuko dute. 2017ko azaroan estreinatu zen, eta Max sarietarako izendatu zuten. "Indarkeriazko hamarkadek utzitako herentziaren eta armarik gabeko orainaldian izan duen eraginaren hausnarketa bat azaltzen digu biktimen eta haien ondorengoen bidez. Euskal Herriko orainaldia dokumentatzen du, indarkeriaren seme-alabei ahotsa emanez". Sarrera doan. Gonbidapenak kultur etxeko atezaindegian eskuragarri daude astean zehar edo egunean bertan, ordubete lehenago leihatilan.  Goizez, batxilergoko ikasleentzako eskola saioa egingo dute. 

Proposamen honen bidez, hausnarketarako "espazio publikoak" ireki nahi dituzte, "errealitate mingarriei begiratzeko guztion artean bake zintzo eta iraunkorra eraikitzen segi dezagun". Artearen bidez, hausnarketa eta eraldaketa soziala sustatzeko xedez. Hori horrela, herritarrak gonbidatu dituzten proposamen artistiko hauetara etortzera.