Auto klasikoak eta kirol automobilak herrira bueltatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 2a, 15:24

San Sebastian Circuit Spiritek antolatutako auto klasikoen eta kirol autoen 4. nazioarteko rallyeak Lasarte-Orian geldialdia egin du gaur goizean.  Izan ere, Donostiatik iritsi diren ibilgailuek erregulartasun proba egin baitute herrian. Ez da aurreko aldietan bezalakoa izan, ordea: Michelinen hasi eta Orian amaitu dute, Urrestillara bidean jarraitu aurretik. 84 ibilgailuk parte hartu dute.

Beste gauza asko bezala, iazko hutsunearen ondoren, bueltan izan dira auto klasikoak eta gama altukoak. Oraingoan, ordea, ez da aurrekoak bezalakoa izan. Kontxa pasealekua itxita dagoenez, moldatu egin behar izan dute ibilbidea. Autoak 10:30an irten dira Donostiatik eta ordu erdi geroago heldu dira Lasarte-Oriara. Michelin lantegiaren aparkalekura sartu dira eta bertan itxaron dute probaren hasiera arte.

Agustin Valdivia alkatea eta Txus Alonso zinegotzia izan dira lekura iristen lehenetakoak. Itxaronaldia baliatu dute gurpil enpresaren panpinarekin argazkia egiteko. Minutuek aurrera egin ahala, zaletuak eta kuxkuxeroak gehitzen joan dira inguruko errepide ertzetan.  Ilaran jarrita zeuden autoak gertutik ikusi eta argazkiak egiteko aukera ere izan dute. 

Ordu laurden batez egon dira bertan geldirik. Ondoren, banan bana irteera eman die alkateak 20 segundoero. Bost zenbakian hasitako atzera kontaketaren ondoren, udalerriko banderarekin adierazi die irteteko unea zela. Handik Oria aldera egin dute gidariek. Han zuen erregulartasun probak amaiera puntua. 

Aurrekoetan bezala bertan geldituko ziren itxaropenarekin herritar taldetxo bat kotxeak ikustera joan da Oriara. Oraingoan, ordea, aurretik pasatzean besterik ez dituzte ikusi. Zenbaitek ezta hori ere, heldu direnerako auto guztiak Tolosara bidean joanak baitziren.