COVID 19

Koronabirusak kutsatutako 54 lagun atzeman dituzte irailean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 1a, 13:28

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak irailaren 30eko datu epidemiologikoak jaso dituzte txosten batean. Horren arabera, Lasarte-Orian hiru kutsatze erregistratu dituzte ostegunean, eta azken hamalau egunetan, hemeretzi. Intzidentzia tasa metatua 94,51 da. Urteko bederatzigarren hilabetean, guztira, 54 kasu zenbatu dituzte. 

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.152 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11 pasatxo (%11,3). Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdean zazpi kutsatze diagnostikatu dituzte: hiruna, Andoainen eta Lasarte-Orian; eta bat, Astigarragan. Gainerako, hiru udalerrien egoera bere horretan mantentzen da. Hala, Hernani eta Astigarraga izan ezik, gainerako lau udalerriak eremu horian daude. 

EAEko hiru lurraldeetan 105 positibo detektatu dituzte; horietako 43, Gipuzkoan. Ostegunean 5.428 PCR eta antigenoen proba egin dituzte, eta haietako %1,9 izan dira positiboak. Osakidetzako ospitaleetan 95 pertsona daude ingresatuta koronabirusagatik; horietatik 37 larri daude, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan. Atzo koronabirusak eragindako 27 lagun ospitaleratu ziztuzten.