Aisialdia, euskaraz, adin txikiko herritarrentzat

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 30a, 18:06

Adin ezberdinetako haur eta gazte lasarteoriatarrek Ttakun Kultur Elkarteak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatzen dituen aisia programetan parte hartzeko aukera izango dute. Izen emate epea zabalik dago oraindik

Ikasturte berria hastearekin batera dator Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak, elkarlanean herriko haur eta gazteentzako prestatu duten aisialdirako eskaintza zabala; hastear dira Amaraun Kluba, Gazte Kluba, Kuadrillategi eta Faktoria egitasmoak. Horien aurkezpena egin dute kultur elkarteko ordezkariek, eta Jon Antxordoki udaleko Euskara batzordeburuak; programa horietako erabiltzaile izango direnentzako prestatu dutenaren berri eman dute.

Haur eta gazteen garapena aisialdiaren bitartez lantzea dute helburu aipatu egitasmoek, eta horretarako, erabiltzaileei egingo zaien eskaintzak "dibertigarria" izan behar duela argi dute. Eta xede hori bete asmoz, jarduera "erakargarriak" prestatu dituztela aurreratu dute, partehartzaileek ongi pasa dezaten.

Saioetan gozatzeaz gain, hizkuntza ohituretan eragitea ere izango da beste jomugetako bat: "Haur eta gazteen harreman sarea euskalduntzea eta lagunarteko komunikaziorako tresna euskara izatea dira helburuak", azaldu dute Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Pili Bermejo eta Ander Rekondok. Eta xede hori lortzeko, euskaraz aritzeko esparruak sortzea da arduradunen  erronketako bat, euskararen aldeko "dinamika soziala" eta "identitate euskalduna" indartzearekin batera.

Amaraun eta Gazte Klubak
2 eta 8 urte arteko haurrei eta horien familiei zuzendutako programa da. Hilean behin HH3-4ko haurrentzat ipuin-kontaketa saio bereziak eskainiko dituzte. HH5 eta LH2koentzat, aldiz, tailer "hezigarri eta dinamikoak" prestatu dituzte. Magia, sukaldaritza eta laborategi tailerrak egingo dituzte, besteak beste, eta, horietako bakoitzak lauzpabost asteko iraupena izango dute. Urria amaieran hasiko da lehenengoa, eta gainerakoak ikasturteak aurrera egin ahala iragarriko dituzte.

Eskaintza horretaz gainera, familientzako "ekintza puntualak" ere antolatuko dituzte: mahai jolasen topaketa, ikastaroak, eta abar, eta, baita ekintza bereziren bat edo beste, hala nola, ikuskizunak eta irteerak, esaterako. Eider Lucero izango da begiralea, eta informazioa eskatzeko, aisia@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi behar da, edo 695 78 53 92 telefonora deitu.

9 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek, berriz, Gazteklubean aritzeko aukera dute. Bihar hasiko da eta aurkezpen saioa izango dela iragarri dute. Izen-emate epea, ordea, urriaren 12ra arte luzatu dute, hortaz, oraindik programa horretan parte hartu nahi duen inor bada, garaiz da inskripzioa egiteko. Behin izen emate guztiak biltzen dituztenean, taldeak egin jakinaraziko dute zein espazio erabiliko den, begiralea eta protokoloa zein diren eta zein taldetan dagoen erabiltzaile bakoitza. Egitasmoan parte hartu nahi duenak, honako helbidean eman dezake izena: labur.eus/gzk2122.

Ohiko saioak ostiralero izango dira, 17:30etik 19:30era eta lau begirale ariko dira lanean: Ane Golmaio, Sara Etxeberria, Maddi Trantxe eta Haizea Alvarez. Tarteka, jarduera bereziak ere egingo dituzte, asteburuetan eta oporraldietan, horien artean, Aquarium-era bisita, Txuri Urdin izotz jauregira edo Paintball-ean jolastera.

Eta horien artean, Natur Ekintzak izango da lehena, urriaren 16tik 23ra. Bizikletan ibili, mendi ibilaldia eta hipika jarduerak egingo dituzte. Prezioa ere jakinarazi dute: 19 euro Ttakuneko bazkideentzat eta 22 euro, aldiz, bazkide ez direnentzat.  Larunbatetan izango da, 10:30etik 12:00etara, eta izena emateko, aisia@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi behar da, edo 695 78 53 92 telefonora deitu.

Kudrillategi eta Faktoria
DBH1etik 4rako gazteentzako aisialdiaz Kuadrillategi egitasmoa arduratuko da. Saio arruntak ostiralero egingo dituzte 19:00etatik 21:00etara, eta dinamika ezberdinetan, jolasetan zein afari, tailer eta proiektuetan parte hartzeko aukera izango dute.

Saio bereziak ere antolatuko dituzte, besteak beste, eskiatzera eta Zuhatzara irteerak, Olentzero eta Mari Domingiren ongi etorria eta abordaia. 
Faktoria ere hilabete honetan jarriko dute martxan, Batxilergoko gazteentzat. Ikasturtero gisa, proiektu bat aukeratu eta horren lanketan arituko dira. Bi ostiralean behin elkartuko dira.

Kuadrillategin zein Faktorian izena emateak sarean egin daitezke, honako helbidean: https://forms.gle/r259yTT6FysyuqPG8. Horrez gain, ktglasarteoria@ttakun.eus helbidera idatzita ere egin daiteke.

Egitasmoetako arduradunek dei egin diete Lasarte-Oriako haur zein gazteei, programa horietan parte hartzera animatu daitezen.