Kirol pistak hartzeko tarifak astelehenean berraktibatuko ditu kirol zerbitzuak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 30a, 11:03

Maialen Chourraut kiroldegiko zein Michelin kirolguneko pistak erreserbatzeko tarifak berraktibatuko ditu kirol zerbitzuak hilaren 4an, astelehenez. Kiroldegiko squash kantxa erabili ahal izateko 5,50 euro ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek orduko. Metro gutxi batzuetara dagoen padel gunea erreserbatzea garestiagoa da: 15,05 orduko. Bidenabar, Kirolguneko pilotalekua edo tenis pista 60 minutuz hartu nahi dituenak kopuru hori bera pagatu beharko du.

Bulegora joateko ordua hartzeko webgune bera erabili beharko dute herritarrek aipatutako instalazioren bat erreserbatzeko: www.tramiteak.buruntzaldea.eus. Ordainketa ere sarean egin daiteke, atari horretan bertan. Sistema "segurua" dela bermatu du udal kirol zerbitzuak. 

Bazkideak direnek bi aukera izango dituzte guneak hartzeko. Horietako bat da pista erreserbatzea eta tarifa ordaintzea, erabili baino zazpi egun lehenago, gehienez. Bestea, betiere erabili nahi den espazioa libre badago, jokatzen hasi baino ordu laurden lehenago (ez beranduago) gerturatzea kiroldegiko edo kirolguneko harrerara, eta eskaera egitea.