Garesti ordaindu dute lehen gola sartu ez izana

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 30a, 11:12

Texas Lasartearrak 0-6 galdu du Ekintzaren aurka, baina azken emaitzak adierazten duenaren aurka, neurketa txukuna jokatu du Iker Morenoren taldeak, eta aukera garbiak izan ditu partidako lehen gola sartzeko, penalti eta guzti. Bi jardunalditan puntu bakarra poltsikoratu dute urdin-beltzek.

Markagailuan aurrea hartzeko aukera duzunean, hobe baliatzea, garesti ordainduko baituzu bestela. Futbolean behin eta berriro errepikatzen den esaldia da, topikoa, baina ia beti betetzen dena. Galde diezaiotela bestela Kadeteen 1. Mailan lehiatzen ari den Texas Lasartearrari. Multzoko talde indartsuenetako bat hartu zuen Michelinen, eta 0-6 galdu zuen. Azken emaitzak aurkakoa iradokitzen badu ere, Iker Morenoren mutilek ez zuten partida txarra jokatu. 

"Jokalari batzuen lesioak eta giro beroa tarteko, arerioen area inguruan ez presionatzea erabaki genuen", azaldu du Morenok. Taktikarekin asmatu zuen, Ekintza estu hartu baitzuten etxekoek. Bi taldeek sortu zituzten aukerak, baina garbienak Texasek izan zituen, penalti eta guzti. "Atezainak geratu egin zuen jaurtiketa, eta kalte egin zigun horrek psikologikoki, jaitsi egin genuen intentsitatea", oroitu du entrenatzaileak. Egoera hori ederki asko baliatu zuen Ekintzak, eta 0-1ekoa sartu zuen. Edonola ere, markagailuari eustea lortu zuen etxeko taldeak, eta merezitako atsedena hartzera joan zen. Berdinketa gertu zegoen, gol bakarrera.

Asmo horrekin zelairatu zen talde zuri-urdina –etxean aritu arren, urre koloreko kamiseta batekin jokatu zuen Ekintzaren aurka–, baina berehala zapuztu zen, bigarren zatia hasi eta hamar minutura sartu baitzuten bigarrena donostiarrek. Beste lau gehiago egin zituzten, epaileak neurketa bukatu zela adierazi arte. Moreno: "Nekeak, penaltia huts egin izanak eta markagailuan atzetik joateak ez zigun mesede egin". Denboraldiko lehen hiru puntuak lortzeko aukera polita izango du Texasek urriaren 2an, larunbatean: Zarautzekin neurtuko ditu indarrak, 11:15etik aurrera.

Jardunaldiko emaitzak

Ohorezko Erregionala

• Zumaiako 0-3 Ostadar

Gorengoen Maila

• Ostadar 0-5 Orioko

1. Erregionala

• Euskalduna 1-4 Ostadar

Jubenilen Ohorezko Maila

• Mundarro 4-1 Ostadar

Kadeteen Ohorezko Maila

• Tolosa 1-2 Ostadar

Infantil Txiki

• Danena 4-4 Ostadar