Hasi da atzerako kontaketa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 29a, 15:52
Parte hartzaileak Okendotik aterako dira, 09:30ean.

Bi urteren ostean, 600 txirrindularik gozatu ederra hartuko dute BMW Lurauto BTT Lasarte-Oria proban. Okendotik aterako dira, eta bertan helmugaratu; bitartean, Andatza eta Buruntza mendietan barrena ibiliko dira, norberak aukeratu duen ibilbidearen arabera.

Bizikletari astindu ederra emateko gosez daude BMW Lurauto BTT Lasarte-Oria trabesian parte hartuko duten 600 txirrindulariak. COVID-19ak eragindako egoera tarteko, antolakuntzak bertan behera utzi behar izan zuen proba iaz, baina ez da halakorik gertatuko aurten. Urriaren 3an jokatuko dute lasterketa, igandearekin. Partaideak Okendo plazatik aterako dira, 09:30ean. Ondoren, bakoitzak aukeratu duen ibilbidearen arabera, gehiago edo gutxiago lokaztuko dira Buruntza eta Andatza mendietan barrena.  Okendon helmugaratuko dira, beranduenez, 13:00ean.

Dortsailak eta maillotak jasotzeko bi aukera dituzte parte hartzaileek: Urbil merkatalguneko  Eroskin, 16:00etatik 19:00etara urriaren 2an; edo hurrengo egunean, proba hasi baino lehen, 07:30etik 08:30era, Antonio Mercero gunean. Antolatzaileek jakinarazi dute hiru anoa postu jarriko dituztela, txirrindulariek indarrak hartu ditzaten. Maialen Chourraut kiroldegian dutxatu nahi duenak aukera izango du horretarako, baina 14:30ak baino lehen joan beharko du. Horrez gain, bizikletak garbitzeko postua helmugaren alboan egongo dela jakinarazi du antolakuntzak.

Erlazionatuak

Bi gurpil, pasio bat

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 api 28 Kirola