Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amaren Intxaurrak ikuskizunak zabalduko du urriko kultur agenda. Larunbatean, urriaren 2an izango da emanaldia, 17:00etan, Manuel Lekuona kutur etxeko auditorioan. Arrakasta handia izan du sudurgorrien eskaintzak, eta sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.
Igandean, berriz, urriaren 3an, zinema saio bikoitza izango da. 17:00etan, familia osoarentzat Space Jam: Aro Berria filma ikustera joateko aukera izango dute herritarrek. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 3.80 euroren truke. Bi ordu eta erdi beranduago, Carlos Rodriguez zuzendariaren Chavalas filma proiektatuko dute. Sarrerak 5.50 euroan eskuratu daitezke.
COVID-19ak eragindako pandemiaren eraginez etendako zenbait jarduera ere itzuliko dira; Semblante Andaluz elkartearen Aste Kulturala esaterako. Urriaren 7tik 12ra egingo dute Okendo plazan.
Hilaren 8an, ostirala, Okendo Zinema Taldeak Nora filma ikusteko aukera eskainiko du. 19:30ean izango da emanaldia, eta sarrerak 5.50 euroren truke eskuratu daitezke kultur etxeko leihatilan. Igandean, urriaren 10ean izango da film bera ikusteko bigarren aukera, 19:30ean eta prezio berean. Baina, aurretik, haurrentzako zinema saioa egongo da: Peter Rabbit 2: a la fuga filma 17:00etan. Sarrerak 3.80 euro.
Opera eta antzerkia ere bai
Urriaren 13an, asteazkena, opera zaleek hitzordua izango dute Manuel Lekuona Kultur Etxean. Giuseppe Verdi-ren Il Trovatore obra digitala ikusteko aukera izango dute. 19:00etan izango da, kultur etxeko auditorioan. Sarrerak salgai daude honezkero, 7.50 eurotan.
Egun bat geroago, urriaren 14an, DravetTzari erakusketak ateak zabalduko ditu. Gero Axular Kultur Taldeak eta Apoyo Dravet elkarteak elkarlaneansortu duten proiektua da, eta Dravet sindromeaz kontzientziatzea eta kultura inklusiboa sustatzea ditu helburu. Ia hilabete amaierara arte izango da jarduera bisitatzeko aukera, Antonio Mercero aretoan.
Hilaren 15ean antzerki obra batek hartuko du kultur etxeko oholtza, 20:00etan. Proyecto 43-2 taldeak Viaje al fin de la noche antzezlana ekarriko du Lasarte-Oriara. Hurrengo egunean, hilaren 16an, La Chirigota de los Daddy Cadi taldeak, Lo siento Patxi, no todo el mundo puede ser de Euskadi lana eskainiko du. 19:30ean hasiko da egitasmoa, kultur etxean.
Literatura zaleentzat ere izango da hitzordu bat baino gehiago urrian. 17an, eguerdian, Islada Ezkutatuak taldeak Testigantzak liburua aurkeztuko du. Hilaren 25ean, aldiz, Bea Egizabal ipuin kontalariak saioa eskainiko du etxeko txikienentzat. 18:00etan izango da, hori ere kultur etxean. Urriaren 26an, Jose Luis Navarro-k Retazos IV liburua aurkeztuko du, eta hurrengo egunean, 26an, Josean Muguruza-ren El enigma de Txaldatxur liburuaren aurkezpena egingo dute. 18:00etan izango dira aipatu bi hitzordu horiek. Literatura saio horietarako guztietarako sarrera doakoa izango den arren, gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Zinema saio gehiago
Hilabetea amaitu aurretik, haur zein helduentzako zinema saio gehiago izango dira. Urriaren 17an, La patrulla canina: la película proiektatuko dute, 17:00etan, eta Adiós, idiotas 19:30ean. Kultur etxean izango dira biak, eta ohiko prezioan salduko dituzte sarrerak: 3.80 eurotan haurren saiorako sarrerak eta 5.50 eurotan helduenak.
Okendo Zinema Taldeak ere bigarren ikus-entzunezko bat ekarriko du. Hilaren 22an, 20:30ean, First cow filma ikusi ahal izango dute herritarrek. Sarrerak 5.50 eurotan jarri dituzte salgai.
Urriaren 23an, berriz, dantza emanaldiaren txanda izango da. XVII. Dantza Zirkuituaren barruan Higa emanaldiaz gozatzeko tartea izango da. 19:30ean hasiko da, kultur etxean eta gonbidapena beharrezkoa izango da bertaratzeko.
Hurrengo egunean, urriaren 24an, berriro ere haur zein helduentzako zinema saio bana izango dira. 17:00etan, Ninja a cuadros 2 filma ikusteko aukera izango dute gaztetxoek (sarrerak 3.80 euro), eta 19:30ean, berriz, helduentzako Dune proiektatuko dute (sarrerak 5.50 euro). Hilabeteko azken egunean ere, urria agurtzeko beste bi zinema saio izango dituzte lasarteoriatarrek: 17:00etan D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak, eta 19:30ean Entre rosas.
Adin eta gustu guztien neurrira egindako kultur jarduera ugari izango dituzte herritarrek, udazkenari giro apur bat jartzeko.