Olatukoop mugimenduaren Kooperatibak Denontzat proiektuak instalazio artistikoa jarri du Okendo plazan. Etxe atari bat da eta zaintza lanak egiten dituzten emakume migranteek bizi duten egoera salatzeko prestatu dute. Postontzi beltz bat du ateak ezkerraldean, eta bertatik ateratzen dira zaintza lanetan ari diren zenbait emakumeren ahotsak; lanean bizi dituzten egoeren berri ematen dute.
Entzun daiteke, adibidez, astelehenetik ostiralera etxe batean lan egiten duen emakume baten kontakizuna. Baldintza horietan lan egitearen ondorioz, bere seme-alabak asteburuetan soilik ikus ditzakeela kontatzen du, eta egoera horrek ezinegona sortzen diola ere azaltzen du. Kontraturik gabe, edota baldintza kaskarretan lan egiten dutenen testigantzak ere jaso daitezke.
Urriaren 9ra arte izango dute herritarrek instalazioa ikusteko aukera.