Karpetak eskuartean hartuta, gogotsu agertu dira Udal Euskaltegiko ikasleak lehen eskola egunean. Astelehenean ekin diote ikasturte berriari, eta eskolak hartu aurretik, euskaltegiko eta udaleko ordezkariek harrera egin diete.
Lorendiñe Usarralde zuzendariak hartu du hitza lehenik, eta eskerrak eman dizkie ikasleei euskaltegian izena emateagatik.
Azken ikasturteko gorabeherak ere ekarri ditu gogora gero. Aitortu du, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, ikasturte zaila izan zela iazkoa, baina ahaleginak egin zituztela aurrera egiteko, eta lortu zutela, denek batera, lan txukun bat egitea.
Gaur gaurkoz indarrean dauden osasun neurriak hartuta emango dituzte eskolak aurten, baina iragarri du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurriak malgutu edo aldatu ahala, "beharrezko aldaketak" egingo dituztela euskaltegian.
Euskaraz zabaldu aukerak, aurtengo leloa
Aurtengo leloari erreferentzia eginaz jarraitu du hizketan. Euskarak "mundu bat ezagutzeko aukera" eman diezaiekeela azaldu die ikasleei; lanpostu bat lortzeko, edo herriko dendetan zein tabernetan euskaraz harremantzeko aukera eman diezaiekeela ohartarazi die.
Ikasturte honetako irakasleak aurkeztuaz amaitu du bere hitzartzea eta Jon Antxordoki Euskara batzordeburuari eman dio hitza gero. Usarraldek egin bezala, eskerrak eman dizkie ikasleei euskaltegian izena emateagatik.
Azaldu die udalak euskara sustatzeko egiten duen ahalegina "handia" dela: "Euskaltegia puntako baliabidez hornitu dugu, eta zerbitzua euskaltegiaren dinamikara eta ikasleen premietara egokitzeko egoitzaren birmoldaketa ere egin dugu". Aurrera begira bide berari eusten ahaleginduko direla azpimarratu du. Ez ditu aipatu gabe utzi euskara ikasteko udalak eskaintzen dituen bekak.