Presoen eskubideen aldeko aldarria kalera atera du beste behin Azken Ostiralak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 21:09

Hondarrean da iraila, eta ohi bezala, Sarek Azken Ostirala ekimena egin du iluntzean. Egitura ezaguna mantendu dute: Elizatzen elkartu, ordu laurden inguruz bertan egon, eta ondoren, errepidera irten dira, Okendora bidean. Han, Aitzol Iriondok eta Ibon Fernandez Iradik idatzitako gutuna irakurri dute. 

Lehen tantak erortzen hasi dira ekintzan parte hartu duten herritarrak eliza ingurura bertaratzen ari zirela. Bidea osatu, eta plazara heldu direnean, euria ari zuen. Hala ere, eutsi egin diote erabakitakoari eta biribila osatu dute Ioritz Iparragirrek esan beharrekoak entzuteko, zehazki, Iriondok eta Fernandez Iradik Lannemezango kartzelan idatzitako gutuna irakurri du.

Bertan jaso dutenez,  "zapalkuntza desberdinei aurre egiten dieten" hainbat belaunalditako kide elkartu dira kartzela hartan. Lotzen dituen "haria" eta "herri komunitate" egiten dituena "herri batekin eta borroka desberdinekin" duten konpromisoa da. "Indar bat zapalkuntza desberdinei aurre egiten diena, bizigarriak diren bizitzen alde egiten duena, espetxean nahiz kalean borrokan diharduena". 

Euria gogotik ari zuen Ixiar Arteagak mikroa eskuan hartu duenerako. Entzuten zeudenen gehienek ez zuten aterkirik, horregatik, Sarek eta Etxeratek adostutako idatzia irakurri beharrean, ideia nagusiak laburbildu ditu, eta udaletxearen arkupeetan aterpe hartu dute. 

TXINTXARRIk jaso du irakurtzekoak ziren testua. Bertan jasotzen denez, sakabanaketaren ondorioz "zuzenean edo zeharka" hildako 35 presoei eta 16 senideei aitortza ofiziala egitea eskatzen dute, auto istripu batean Iñaki Saez eta Asier Heriz soraluzetarra hil zirela bi hamarkada bete direla baliatuta.

Memoriarekin batera, denen giza eskubideak errespetatzea ere defendatu dute. Pasa den asteburuan Arrasaten egitekoak ziren martxarekin gertatutakoa presoen giza eskubideen defentsa "desitxuratu eta kriminalizatzeko" saiakeratzat jo dute. Horren aurrean, mobilizazio sozialaren garrantzia nabarmendu dute euskal presoei "legeria arrunta" ezartzeko eta "ibilbide juridiko-penitentziarioari oztoporik ez jartzeko". Hori horrela, urriaren 23an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dute. 

Espetxe politikan irizpide humanitarioak aplikatzeko ere eskatu dute, "urte eta erdi geroago, presoek oraindik ere ezin dute familia-harremanik izan", eta gaixotasun larria duten hemeretzi presoak eta 65 urtetik gorakoak aske uzteko beharra ere adierazi dute. 

Amaitzeko, talde argazkia egin dute kartelekin eta horixe baliatuko du Lasarte-Oriako Sarek datorren hilabeteko aipatu ekintzara deitzeko. Halaber, elkarri argazkiak egin eta sare sozialen bidez partekatzeko eskatu die Arteagak.