Kalea hartu dute Mugikortasun Asteko jarduerek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 20:10

Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du Lasarte-Oriako Udalak. Hala, mugikortasun iraunkorra sustatu, eta espazio publikoa betetzeko asmoz Artelatz Ingurumen Zerbitzuak-ek antolatutako zenbait ekimen aurrera eraman dituzten ostiral arratsaldean, Okendo plazan eta Kale Nagusian. 

Bi ibilbide aukeran zituzten bizikleta martxan parte hartu nahi zutenek, baina gutxi izan dira horretara animatutakoak. Abiapuntu zuten Okendo plazan, ordea, ilaratxoa osatzen joan da bigarren eskuko bizikleta azoka zabaltzeko ordua hurbildu ahala. Batzuek aukera pixka bat zabaltzeko baliatu dituzte azken minutuak, baina gehienek aurrez ikusitako beste inork baino lehen erosteko asmoa zuten. Gurasoek 115 patin eta bizikleta artean pagotxa bilatzen zuten bitartean, haurrak bertan zeuden patinak probatzen aritu dira; batek, gutxienez, ipurdikoa ere hartu du oin azpitik ihes egin dionean...

Erosi aurretik bizikleta gainean ibili nahi izan dutenei itxituratik irteten utzi diete arratsaldeko lehen orduan, gerora, berriz, ez. Izan ere, zabalgunean aurtengo berrikuntzetako bi diren irakurketa txokoa eta informazio mahaia jarri baitituzte. Azken honetan, herri inguruko ibilbideak ezagutzeko eta haiek erregistratzeko dauden sakelakoentzako aplikazioen erabilera azaldu die antolakuntzako kide batek. Irakurketa txokoa, berriz, kalea beste modu batean hartzeko bidea izan da eta udaleko zenbait departamenturekin elkarlanean egin dute. 

Kale Nagusia, jolastoki

Ohiko jolasak plazatik kanpo eraman dituzte aurten. Kale Nagusia ibilgailuei itxi, eta errepide baliatu dute horretarako. Tajamar biribilgunearen hasita, Usurbilgo Lanbide Eskolak ekarritako auto eta bizikleta elektrikoaren berri izan dute herritarrek. Ondoren, zenbait mahai jarri dituzte musera jokatzeko, baina lehen erabiltzaileak haurrak izan dira, eta haiek beste karta joko batzuk nahiago izan dituzte. 

Zinta lasterketa eta trebetasun zirkuitua izan dira arrakasta gehien izan duten jolasak. Lehen orduan, hiruzpalau haur besterik ez bazebiltzan ere, arratsaldea aurrera joan ahala ilarak luzatze joan dira. Trebezia gehiago edo gutxiago izan, berdin-berdin ondo pasatu dute denek. Pilaketak egon ez zitezen, aukera berriak proposatu dizkiete antolatzaileek. Esaterako,  makil batekin uztaila biraka eramatea, lokotx biltzea edo sokatiran saiatzea. 

Horietan guztietan ari ziren bitartean, ipar martxako kideek erakustaldia egin dute erdiguneko kaleetan barrena, Okendo plazatik abiatuta.