Ostadar Boleibola atala hazten doa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 24a, 14:30
Ostadar Boleibola saileko senior taldea, iazko denboraldiko irudian.

Duela bi denboraldi martxan jarri zen Ostadar Boleibola sailak atal berria hasiko du urrian. Senior taldeak Euskal Ligako bigarren mailan jokatuko du eta horretaz gain, jubenil eta kadete mailako taldeak ere izango ditu lehian Gipuzkoako txapelketan

Ostadar Boleibola atalak irailaren 6an hasi zituen entrenamendu saioak. Berrikuntza ugari izango dituen denboraldia prestatzen ari dira urdin-beltzak.

Lehen nobedadea talde kopurua da. Talde bakarra izatetik hiru izatera igaro da boleibol saila. 

Ostadarrek udan egindako deialdia arrakastatsua izan da taldearen harrobia eratuko duten bi talde sortu ahal izan ditu: jubenil eta kadete mailako taldeak. 
Asier Acuriola entrenatzaileak azaldu duenez, berri pozgarria da eta egun hiru taldetan banatzen diren 37 jokalarik osatzen dute atala.

Ondorioz, senior taldeak Euskal Ligako bigarren mailara jauzia ematea erabaki dute ataleko arduradunek.

Erronka berria

2020-2021 denboraldian, Gipuzkoako txapelketan hirugarren postua eskuratu zuen taldeak eta orain lehiaketa berriari egin beharko dio aurre Ostadar Boleibola ataleko lehen taldeak."Erronka zaila eta polita dugu aurretik. Horri esker, taldearen maila hobetzea espero dugu", aipatu du. 

Acuriolak zuzentzen dituen jokalariek Nafarroa, Bizkaia eta Arabako zortzi talde izango dituzte aurrez aurre.

Euskal Ligako lehen partida Iruñean jokatuko du Ostadar Boleibola ataleko seniorrak, urriaren 16an. Navarvoley taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Berriozarko kiroldegian.

Ondo bidean, martxoaren 20an Bizkaian amaituko du denboraldia. Orduan Gallartako Jatorkide izango da arerioa.

Harrobiko bi taldeak, berriz, Gipuzkoa mailan lehiatuko dira. Acuriolak aurreratu duenez, irekiera txapelketan parte hartuz  emango diote hasiera denboraldiari urriaren 16ko asteburuan. Oraindik egutegia zehazteke dute.