Erregional Ohorezkoak berdinketarekin hasi du denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 23a, 12:45
Ostadar SKTk Tolosa garaitzeko aukera ugari izan zituen partidan.

Hilabeteko prestaketaren ostean, Ostadar SKTren Emakumezkoen Erregional Ohorezko Mailako taldeak denboraldiko lehen jardunaldia jokatu zuen Michelin Kirol Gunean. Berrikuntza nagusi bat izan du taldeak denboraldi-aurrean, entrenatzaile aldaketa. Leire Garciak Alberto Calláaren lekua hartu du

Taldearen argi eta ilunak ongi ezagutzen ditu Garciak. Taldeko jokalari ohia da eta Calláaren laguntzaile izan da azken denboraldietan. 

Hori dela eta, ez zaio zail egin taldera moldatzea, ezta denboraldiko helburua finkatzea ere: "Argi dut talde honek kalitatea eta indarra duela. Besterik gabe denok batera arraun egitea eta ikastea da gure helburu nagusia. Eta futbolaz eta talde giroaz disfrutatzeaz gain, zelaitik kanpo dugun konplizitatea zelai barruan ere islatzea nahi dut".

Hori buruan egin du lan Garciak denboraldi-aurreko saioetan, baita jokatutako bi lagunartekoetan ere. 

Euskal Ligako Anaitasuna eta Gorengo Mailako Orioko taldeen aurka izan dira neurketak: "Lehena galdu eta bigarrena irabazi arren, bi partidetatik ikasitakoak asko balio izan digu ligako lehen partidari begira. Batez ere bigarren partidarekin, konfiantza asko irabazi dugulako". 

Puntu bat

Aipatu ligako lehen jardunaldian, Tolosa izan zuen aurrez aurre Ostadar SKTk eta bana berdindu zuten.

Partidako lehen minutuetan urduri agertu ziren Ostadarreko jokalariak. Segituan ulertu zuten ordea, zertarako zeuden zelaian. "Gure helburu nagusia futbolean jokatzea zen, atzetik baloia jokatzen hastea eta urduritasunak alde batera utzita hori ondo lortu genuen," adierazi du Garciak.

Jokalarien artean ondo ulertu ziren eta horrek emaitzak izan zituen. Korner batean lortu zuten urdin-beltzek markagailuan aurreratzea.

Ostean, Tolosak erasoari ekin zion eta Ostadarreko jokalariek ondo eutsi zioten, "defentsa lanak ondo bete zituzten". Falta batean ordea, berdinketako gola egin zuten tolosarrek. "Izan zuten aukera garbienaz baliatu ziren," nabarmendu du Ostadarreko entrenatzaileak. 

Atsedenaldira iritsi baino lehen aukera gehiago izan zituen Erregional Ohorezkoak aurretik jartzeko, baina ez zen posible izan. 

Bigarren zatian, Tolosak presioa areagotu zuen garaipenaren bila. Ostadarrek, berriz, defentsa lan handia egin eta bukaerara arte emaitzari eustea lortu zuen. 

Motibazioa
Erregional Ohorezko entrenatzaileak partidako irakurketa ona egin  du: "Irabazteko aukerak izan genituen. Emaitzarekin eta jokalariek izan zuten jarrerarekin oso pozik gelditu nintzen".

Horrez gain, ligara begira jokalariak motibatuak ikusten dituela nabarmendu du: "Gogo eta ilusio asko eta jarrera bikainarekin daude".

Horiek Zumaiako KTren aurkako partidan ere isla izatea espero du taldeko prestatzaileak: "Zumaiako taldearekin beti izan dugu lehia. Aurreko urteetan berdinketa dexente izan dira. Oraingoan 3 puntuak Zumaiatik Lasartera ekartzea espero dugu!"

Lehen garaipenak

Ligan lehian dauden gainerako herriko futbol taldeen emaitzak lau garaipen, berdinketa bat eta lau porrot izan dira.

Ostadar SKTren Gorengoen Mailako taldeak denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen. Getariako KETAren aurka, 1-6 gailendu zen.
Erregional I. Mailako eta Ohorezko mailako bi taldeek jubenil zein kadeteek ere ederki eman zioten hasiera ligari. Atotxa River, Beasain eta Ordizia garaitu zituzten, hurrenez hurren.

Texas Lasartearra elkarteko kadeteek bana berdindu zuten Vasconiaren aurkako norgehiagokan.

Jardunaldiko ifrentzua, berriz, Ostadar SKTren jubenil eta kadete mailako taldeek bizi izan zuten. Zarautz, Internacional, Antigua-Luberri eta Oriokoren aurka galdu zuten.